Donostiako Zinemaldiak 47 herrialdetako 263 film eskainiko ditu aurtengo 74. edizioan
Kultura
Ainhoa Lainsa Merino
Donostiako Zinemaldiak 47 herrialdetako 263 film eskainiko ditu aurtengo 74. edizioan. Ostiral honetan egin dute aurkezpena José Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariak eta Maialen Beloki zuzendariordeak. Izan ere, aurtengoa izango da Rebordinosek zuzendari gisa egingo duen azken edizioa, eta aurrerantzean Belokik hartuko dio lekukoa.
Zuzendaritzak bertaratuko diren izen handien zerrenda ere ezagutarazi du. Besteak beste, Orlando Bloom, Marion Cotillard, Penélope Cruz, Ricardo Darín, Virginie Efira, Lali Espósito, Eduard Fernández, Jeremy Irons, Rami Malek eta Brad Pitt bertaratuko dira. Werner Herzog zuzendariak eta Naomi Watts aktoreak, berriz, aurtengo Donostia Sariak jasoko dituzte.
Euskal zinemak ere presentzia nabarmena izango du: euskal produkzioko 31 lanek parte hartuko dute Zinemaldian, eta horietatik 13 filmek Zinemiran egingo dute bidea, euskal zinemari eskainitako atalean.
Sail Ofizialari dagokionez, nazioarteko presentzia zabala izango da, eta zinema latinoamerikarrak zein espainiarrak ere protagonismoa izango dute. Epaimahaia, bestalde, Ira Sachs zinemagile estatubatuarrak zuzenduko du.
Jakinarazi dutenez, aurtengo edizioko programazio osoa datorren astelehenean, irailaren 7an, argitaratuko dute, eta sarreren salmenta orokorra larunbatean hasiko da, irailaren 13an goizeko bederatzietan.

















