Skip to main content

Bilboko Bira kulturguneak iragarri du kultur programazioa etengo duela

Kultura

Xabi Ealo

2026-11-05 11:41
Bira Kulturgunean sare sozialen bidez iragarri du kultur programazioa etengo duela. “Une honetan ezinezkoa zaigu, zoritxarrez denbora libretik edo lan militantetik aritzen jarraitzea” hasi dute idatzia, eta jarraitu “Birak zabalik jarraituko du, eta hainbat aktibitate ere izango dira, baina ez orain arte bezala”.

Izan ere, iaz aurreratu zuten kultur eskaintza murriztu behar izan zutela, eta orain are gehiago murriztuko dute. Aurten esaterako, urtarriletik urrira arte ehun eta hirurogei ekintza programatu dituzte.

Sareetan jarritako oharrean gaineratu dute “ekarpena” egin nahi izan diotela “hiztun-komunitateari, kulturari, auzoari eta hiriari”, eta “gune fisikotik harago, espazio bizi eta aberasgarria sortzen ahalegindu” direla.

Urte hauetan guztietan euskara izan da kultur programazioaren ardatz nagusietakoa, eta Birak emandako datuen arabera, festak eta bestelako egitasmo sozialak alde batera utzita, orotara, ia bi mila kultur saio eskaini dituzte.

Era berean, esan dute “ekimen kulturalaz beteriko hamar urte izan” direla euren “estilo eta neurrian, bere txikian Bilbon euskaldunok zeharo ezinbesteko ditugun espazio horietako bat eraiki guran”. Azkenik, oharrean jakinarazi dute, “erronka hori eutsiz, modua bilatu nahi” dutela “proiektua beste ziklo batean abiatzeko” hurrengo hilabeteetan “antzeko edo beste molde batean”.

Euskarazko kulturgintzaren espazioak aldarrikatu dituzte, hiztun komunitatearen biziberritzerako.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista