Taupa mugimenduak Eusfera ekimena abiarazi du
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Taupa mugimenduak Eusfera ekimena abiarazi du ostegun honetan. Eskolatik kanpoko haurren eremuak euskalduntzea du helburu, eta horretarako, maiatzaren 17ra arte egingo dituzte jarduerak Euskal Herri osoan jarritako 146 ‘Euspazio’-etan. Aurkezpenean azaldu dutenez, gizarte aktibazioa indartzeko sortutako ekimenetako bat da.
100 udalerri inguru batu dira egitasmora, eta haurrek ingurune euskaldunagoa izan dezaten nahi duten familiek parte hartu ahal izango dute. Horretarako, herrietan ‘Euspazioak’ sortuko dira, euskaraz hitz egiteko elkargune aproposak. Hala, gurasoekin elkarlanean, haurren testuinguru linguistikoan eragitea da proiektuaren xedea.
Adierazi dutenez, norabide horretan aurrerapausoak eman nahi dituzten familiei baliabide, tresna eta euskarazko espazio berriak eskainiko dizkiete, eta baita abiapuntu eroso bat ere euskalduntze prozesua hasi nahi dutenei. Baliabide horien artean, besteak beste, ‘Miru’ dago, Hamaikan ikus daitekeen haurrentzako saioa.

















