Susana Miranda Osasunbideako lehen mailako arretako gerenteak dimititu du
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano
Susana Miranda Osasunbideako Lehen Mailako Arreta zerbitzuko gerenteak dimisioa aurkeztu du astelehen honetan Iruñean. Kargua utzita, irailetik aurrera bere ohiko postura itzuliko da ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzura. Bere kabuz utzi du kargua.
Gerentearen dimisioa Lehen Mailako Arretak irisgarritasun-arazoak dituenean gertatu da, eta sailak arazo horiek hobetu nahi dituela baieztatu du. Horretarako, profesionalen hitzordu guztiak online jarriko ditu, esaterako. Gainera, Karpeta Pertsonalaren bidez kontsulta baterako ordua eskatzerako garaian, algoritmoak sintomei buruzko galderak egingo ditu, pazientea profesional egokienera bideratzeko asmoz. Bestalde, Osasun Departamenduak Nafarroako bi osasun-zentrotan proiektu pilotua abian jarriko du, adimen artifiziala duen telefono bidezko zitazio automatikoko sistema probatzeko.
Hala ere, azken garaietan Nafarroako osasun sistema publikoaren eta bertako langileen egoera salatu dute hainbat eragilek. Honi lotuta, sindikatuek ‘Osasunbidea eta osasun publikoaren aldeko manifestua’ aurkeztu dute, sektoreko profesionalekin batera.
LAB, SATSE, SAE, UGT, AFAPNA eta ELAk plazaratu dute dokumentua eta bertan Osasunbidea eta Nafarroako Osasun zerbitzuaren egungo egoera salatuko dute. Bertako langileen ordezkari gisa, osasun sistema publiko “indartsua” defendatu dute, herritarren benetako beharrei erantzuteko gai dena.
Horretarako, sindikatuek ezinbestekotzat jo dute aldaketa “sakona” egitea osasun-kudeaketan: lidergoa, plangintza eta egiturazko erreformak eskatu dituzte, antolaketa-gabeziak zuzendu ahal izateko eta osasun publiko unibertsala, doakoa, eta kalitatezkoa izateko, besteak beste.
Halaber, Mahai Sektoriala biltzeko eskaera egin dute eta langileei dei egiten diete datorren ekainaren 16an Vianako Printzea Kontsulta Zentroaren aurrean egingo duten kontzentrazioan parte hartzera.

















