Nafarroako Ingurumen Departamentuak ebatzi du Sarbilgo makroproiektua ez dela planteatutako baldintzetan gauzatuko
Gizartea
Maite de Felipe Suso
Sarbilgo makroproiektu fotoboltaikoa ezin izango da planteatu bezala gauzatu, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak jarduketaren aurkako adierazpena egin baitu. Horren arabera, jarduketa bateraezina da gunearen ingurumen, ekologia eta paisaia balioekin.
Zehazki, makroproiektua Etxaurin, Oltza Zendean eta Orkoienen egitea aurreikusi zuten, baina erabaki horrek, eztabaida sortu du herritarren eta inguruko elkarteen artean azken urtean. Ildo horretan, Etxauri Bizirik elkarteak, 260 orrialdeko dosierra eta 23 alegazio aurkeztu zituen Ingurumen Sailean apirilean. Horrekin batera, bildutako 2.500 sinadura baino gehiago ere aurkeztu zituzten.
Izan ere, elkarteak zalantzan jarri du makroproiektu fotoboltaikoaren kokapena eta hura abian jartzeko jarraitutako prozedura. Eta azpimarratu dute haien gaitzespena ez dela energia berriztagarrien aurkako oposizio orokor baten ondorio, proiektu zehatz baten kokapenaren eta ezaugarrien ondorio baizik.
Gauzak horrela, ingurumen inpaktuaren aurkako adierazpenak proiektua gauzatzeko oztopo bihurtu da eta beraz, amaiera eman zaio planteatutako baldintzetan Sarbilgo makroproiektu fotoboltaikoa aurrera eramateko aukerari.

















