Melgosak salatu du "sektore jakin batzuek manipulatu" egin dutela euskal aisialdiaren eta udalekuen eredua
Gizartea
Ane Garitaonandia Etxebarria
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburu Nerea Melgosak euskal aisialdiaren eta udalekuen eredua defendatu du, eta haren aurka "sektore jakin batzuen manipulazioaz" ohartarazi du. Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, udalekuen inguruko kontrolak "oso zorrotzak" izan dira uda honetan, eta hiru ikuskatzailek ehun ikuskapen inguru egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Gainera, udalekuen antolatzaileei erantzukizuneko adierazpena aurkezteko betebeharra ezarri zaie; aurtengo udan 350 adierazpen inguru aurkeztu dituzte aisialdi erakundeek.
Bere ustez, Bernedoko udalekuetako aferak piztutakoa "salbuespena" izan da eta ez dator bat Euskal Herriko aisialdi ereduaren ohiko jardunarekin. Gainera, kasuaren instrukzio judiziala "azkarrago" egin behar zela uste du. Hain justu ere, astelehenean Euskal Udalekuetako hamabost kide deklaratzera deitu zituen Gasteizko instrukzio epaitegiak. Dutxa mistoen afera plazaratu zenetik, iazko irailetik, salaketek haien aurkako bi bide zabaldu dituzte: administratiboa eta judiziala. Orain martxan dagoena bide judiziala da.
Melgosaren esanetan, "euskal aisialdi eredua" azpimarratu beharrekoa da, "Europan ere arreta ematen duen eredua da eta". Bide horretan, udalekuen eta aisialdi elkarteen lana goraipatu du, eta aurtengo udan egindako kontrolen emaitza nabarmendu.

















