Maderas de Llodioko gatazkari amaiera emango diote
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Maderas de Llodioko langileak greba amaitu eta akordiora iritsi dira. Hala jakinarazi du enpresa batzordeak astelehen honetan egindako asanbladaren ostean. Adierazi dutenez, enpresaren azken proposamena onartu dute, eta erabaki horrek datozen egunetan behin betiko akordioa sinatzeko bidea zabaldu du.
Gatazka iazko irailean hasi zen, enpresak 36 kaleratze iragarri ostean. Horren aurrean, langileek greba mugagabea abiatu zuten: 262 egun eta zortzi hilabete baino gehiago daramate lanuzte eta mobilizazioekin.
Enpresa batzordearen esanetan, “borroka luze horri esker lortu dituzte gaur egun mahai gainean dauden neurriak eta konpromisoak”. Hala, langileen batasuna, antolakuntza eta mobilizazioa nabarmendu dituzte, hasieran ezinezko ziruditen akordioak lortzeko funtsezkoak izan direla adieraziz.
Momentuz ez dute akordioaren xehetasunik zehaztu, baina datozen egunetan jakinaraziko dituztela adierazi dute. Hala, gatazkari amaiera emateko atarian, eskerrak eman dizkiete eskualdeko herritarrei hilabete hauetan erakutsitako babesagatik. Haien esanetan, “prozesu honek langileen borrokak eta determinazioak emaitzak eman ditzaketela erakutsi du”.

















