Lanuzteak Nafarroako haur eskola publikoetan, lan-baldintza hobeak eskatzeko
Hezkuntza
Gaizka Leitza Alduncin
Astearte honetan hasi dituzte lanuzteak Nafarroako haur eskola publikoetan, eta oraingoz, asteartero egitea aurreikusi dute. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, lanuzteak egingo dituzte 09.00etatik 12.00etara. Horien baitan, elkarretaratzeak deitu dituzte Hezkuntza Sailaren aurrean, 10.00etatik 10.30era.
Sindikatuek salatu dutenez, haur eskola publikoak Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak izatetik Hezkuntza Sailaren parte izatera igaro zirenetik, ikasgeletan dagoen haur kopurua handitzea baino ez dute lortu. Era berean, adierazi dute ez dutela denborarik familiekin banakako zein taldeko bilerak egiteko, arreta goiztiarreko langileekin biltzeko edo Hezkuntza Sailak exijitutako dokumentuak prestatzeko.
Horiek horrela, aldarrikapen argiak dituztela jakinarazi dute. Batetik, ratioak “berehala” jaistea eta laguntza ematen duten langile gehiago kontratatzea. Bestetik, ikasleei zuzeneko arreta emateko ez diren lanordu eta egunak izatea aldarrikatu dute.

















