Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena aitortuko ditu 61. Durangoko Azokak
Kultura
Ane Garitaonandia Etxebarria
Abenduaren 4tik 8ra ospatuko den 61. Durangoko Azokaren iruditeria aurkeztu du Gerediaga elkarteak gaur Durangoko Landako Gunean.
Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du, euskal kulturaren aberastasuna eta sorkuntzaren atzean dagoen lana nabarmentzeko. Proposamena euskal kulturaren aberastasunetik eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzetik abiatu da. Horretarako, kulturaren arlo desberdinetan erabiltzen diren objektuak jarri ditu irudien erdigunean, bodegoi desberdinen bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko. Beristainek azaldu duenez, “asmoa aspaldiko sorkuntza-moduak eta horretarako erabiltzen ziren tresnak aldarrikatzea izan da.
Erabilitako kolore eta testurekin “giro goxo eta gertukoa” sortu nahi izan du, etxeko moketaren antzeko atzealde baten bidez. Horrela, objektuak eta haien bidez helarazi nahi dituen mezuak modu hurbil eta bisualean aurkeztu nahi izan ditu.
Azokak iaz, 60. edizioaren harira, hartutako DA! Kulturaren Jaialdia izendapenari eutsiko dio aurten ere. Hala, askotariko kultur adierazpideak eta diziplinak bilduko ditu, sortzaileak eta hartzaileak harremanetan jartzeko eta euskarazko eta Euskal Herriko kultura sustatzen ja rraitzeko.
Gerediaga elkarteak hilabeteak daramatza abenduko bost egunak prestatzen, euskararen eta Euskal Herriko kulturaren inguruan milaka lagun elkartzeko. Liburuak, diskoak, irudiak, hitzak, doinuak eta ideiak partekatzeko gunea izango da berriz ere azoka, baina, batez ere, kultura bizitzeko eta hartaz gozatzeko topagunea.
Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena aitortuko ditu 61. Durangoko Azokak. Horrez gain, euskal kulturan murgiltzeko gonbita egingo die kulturzale berriei, haren aberastasuna, osotasuna eta aniztasuna ezagutzeko aukera eskainiz.

















