Gazte feministek beren borroken eta estrategien bide orria aurkeztu dute Hernanin
Gizartea
Udane Arbeo Astigarraga
2026-11-02 12:09
200 gazte feminista baino gehiago elkartu dira Hernanin, Euskal Herriko Gazte Feministen “Hemendik. Borrokak ibilerarik badu, hau da gurea” bide orria aurkezteko. 2017an lehen neska* gazte taldeak sortzen hasi zirenetik egindako ibilbidea jasotzen du, baina baita aurrera begirako erronkak eta borroka ildoak ere. Lau ardatz nagusi zehaztu dituzte: autodefentsa feminista, transfeminismoa, dekolonialitatea eta Euskal Herriko Mugimendu Feminista gaztetasunetik indartzea. Bide orriak herriz herri eta auzoz auzo antolatzen diren gazte feministentzako tresna izan nahi du, tokian tokiko borrokak indartzeko eta Euskal Herri feminista eraikitzen jarraitzeko.

















