Iturenen eta Beran 1936ko gerran izandako hilketak gogora ekartzeko memoria ariketa kolektiboak egin dituzte
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin
Iturenen eta Beran 1936ko gerran izandako hilketak gogora ekartzeko memoria ariketa kolektiboak egin dituzte, Fernando Mikelarena Peña historialariaren gidaritzapean.
Iturenen, 130 lagun elkartu ziren urriaren 23an, 1936an fusilatutako hiru herritarrak oroitzeko: Pedro Gorostidi, Miguel Hualde eta Juan Bautista Iriarte. Topaketan, herritarrek belaunaldiz belaunaldi gordetako oroitzapenak partekatu zituzten, eta argazkiak nahiz urte luzez gordetako ikurriña bat agertu ziren.
Hiru herritarrak irailaren 28an fusilatu zituzten, Lesaka inguruan. Abenduan, omenaldia eginen diete Aurtitz auzoan. Beran, berriz, azaroaren lehenean, Argaitzeko harrobian fusilatutako 130 gipuzkoarrak omendu zituzten. Donostiako Ondarretako kartzelatik eramandako errepublikarrak, ezkertiarrak eta abertzaleak ziren. Harrobia Nafarroako Memoria Historikoaren Toki izendatu zuten 2019an.
Ekitaldian, Aitor Elexpuru alkateak errepresioaren biktimen izenak irakurri zituen, eta lore eskaintza egin zuten txalaparta eta txistu doinuek lagunduta. Bi herrietan, memoria historikoa berreskuratzearen eta gertatutakoa belaunaldi berriei transmititzearen garrantzia nabarmendu dute.

















