30 pertsona baino gehiago kaleratu dituzte Donostiako Herrerako pabiloi batetik
Gizartea
Udane Arbeo Astigarraga
2026, ira. 24 - 13:09
Donostiako Herrerako pabiloi batean bizi ziren 30 pertsona inguruk eraikina utzi behar izan dute ostegun goizean, Jolastokieta kaleko 4. zenbakian. Kaleratze agindua egun bat lehenago jaso zutela salatu du Hiritarron Harrera Sareak, eta, horren ondorioz, gehienek polizia iritsi aurretik utzi dute pabiloia. Harrera Sareak salatu du ez zaiela etxebizitza alternatibarik eskaini, eta gaur lo non egingo duten jakin gabe joan direla. Gaineratu du, horietako asko administrazio-erregularizazio prozesuetan daudela, eta prestakuntza edo ikasketak egiten ari direla, lana aurkitu eta bizimodu autonomoa eraiki ahal izateko. Bien bitartean, elkarteak kanpin dendak, mantak eta lo zakuak eskatu ditu, baita ekarpen ekonomikoak ere pertsona horiei laguntzeko.

















