Gasteizek 6,5 euroko tasa ezarriko die bost izarreko hotelei eta etxebizitza turistikoei
Ekonomia
Ane Garitaonandia Etxebarria
Gasteizko Udal Gobernuak EAJk eta PSE-EEk akordioa itxi dute Elkarrekin taldearekin egonaldi turistikoen gaineko zerga onartzeko. Horren arabera, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera 6,5 euroko kuota aplikatuko da bost izarreko hoteletan eta erabilera turistikorako etxebizitzetan.
Udal Gobernuaren eta Elkarrekin Gasteiz taldearen arteko akordioa asteazken honetan gauzatuko da Ogasun Batzordean, ordenantza berriari taldeek aurkeztutako zuzenketak bozkatzen direnean. Ogasun Batzordean onartu ondotik, Udalbatzak ordenantza onartuko du behin-behinean ostiraleko bilkuran. Azaroan behin betiko onartuko da, eta 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.
Akordioaren arabera, egonaldiaren egun bakoitzeko 6,5 euroko kuota ezarriko du udalak eta, gehienez, sei egun kobratuko dira. Udalak jakinarazi duenez, bildutako dirua turismoaren inpaktua arintzeko erabiliko da; baita hiriko zerbitzu publikoak hobetzeko eta espazio publikoa kontserbatzeko ere.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak azpimarratu duenez, "zentzuzkoa da bisitariek (hiriko) baliabideak mantentzen eta hobetzen laguntzea horiek aldi baterako erabiltzen badituzte". Bestalde, Garbiñe Ruiz Elkarrekin Gasteiz taldearen bozeramaileak azpimarratu duenez, neurriak aukera ematen du turismoaren hazkundearen ondorioei aurrea hartzeko.

















