Skip to main content

Niko Cuenca: "Zerga sistema justuagoa eta progresiboa beharrezkoa da"

Gure begiz

Niko Cuenca ekonomialaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiak ekonomian izan dituen eraginei galdetuta, lehenagotik zeuden egoera batzuk azkartu dituela dio, "ikusezin" zeuden gabeziak azaleratu ditu, eta gizarte arrakalak areagotu dituela azaldu du.

Autogintzaren sektorea izan du hizpide, eta nabarmendu du etorkizuneko autogintza eredua definitu behar dela. Pandemiaren aurretk ere estatu mailan "gainprodukzioa" zegoela ohartarazi du; pandemiak okertu egin duela egoera, eta horren ondorioz, azpimarratu du litekeena dela lanpostu batzuk galtzea.

Cuencak datozen hilabeteetako egoera "kezkagarria" izango dela ohartarazi du. Alde batetik, enpresentzako likidezia emateko diru-laguntza lerroak atera zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Egoera luzatzen ari dela dio, eta horren ondorioz, likidezia krisia "kaudimen krisi" bihurtzeko arriskua dagoela nabarmendu du. Zentzu horretan, Cuencak adierazi du Espainiako Gobernuak ez duela gaitasun ekonomikorik enpresa guztiei diru laguntzak emateko, eta aukeratu egin behar duela zein lagundu eta zein ez. Erabaki horretan, Cuencak adierazi du pandemiaren aurretik bideragarria ziren enpresek aukera gehiago izango dituztela diru-laguntzak jasotzeko.

Datozen hilabeteetan egoera okertu egingo dela dirudi. Cuencak adierazi du ERTEen ondorioz ez dela langabezia asko igo, baina sei hilabeteen buruan, ERTE horiek bukatu egingo direla ohartarazi du, eta enpresari batzuk aztertzen ari direla zein gastu suposatuko lukeen langile horiek lehenago kaleratzeak: "Enpresak lagundutako arnasaldian daude orain; laguntza horiek kentzeak sor dezakeen zuloa kezkatzekoa da", azpimarratu du.

Amazon bezalako enpresak ere izan ditugu hizpide, eta nabarmendu da Amazoneko sekulako eragina duela: kostu ekologikoa, kostu fiskala, lan-prekarietatearen sorrera, kale paisaia...Kontsumitzaile gisa hausnartu egin beharko genukeela dio.

Era berean, zorpetzea igo den momentu honetan, zerga sistema justuagoa eta progresiboa ezinbestekotzat jo du, ez dagoelako "besterik". Desazkundearen teoria ere izan du hizpide: "Agian shock-a eragingo genuke gizartean, baina asko ikas dezakegu horretatik". Zentzu horretan, "kapitalismo digitalaren" garaian, ezinbestekotzat jo du gizarte kritiko bat sortzea: "Argi izan behar dugu hartzen ditugun erabakiek ondorioak dituztela".

Ura Wall Streeten kotizatzen hasteaz galdetuta, ñabardura egin du urari prezioari jartzea baino, ureztatze sistemari jarri zaiola prezioa: "Horrek ez du esan nahi urarekin espekulatuko denik. Adi egon behar dugu, baina momentuz ez dugu kezkatu behar, azpimarratu du.