Skip to main content

Peio Jorajuria, Seaska: 'Ikastetxe publikoetan euskara desagertzen ari da'

Elkarrizketa

Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Jorajuriak nabarmendu du “baikor” direla EEPk eta Ipar Euskal Herriko hautetsiek Frantziako Hezkuntza Ministeritzarekin egindako bileraren ondoren: “Hautetsiek lortu dute estatuaren engaiamendua murgiltze eredua eta euskararen irakaskuntza ez gehiago erasotzeko". Hala ere, nabarmendu du murgiltzea gauzatzeko zailtasunak dituztela, eta administrazioak dituela oztopo horiek ezartzen. Izan ere, azpimarratu dute baliabideak, baimenak zein azterketak euskaraz egiteko eskubidea behar dituztela.
Zentzu horretan, Seaskako lehendakariak adierazi du mezua entzun behar duela ministeritzak, eta aitzinamenduak behar dituztela brebetan zein baxoan: “Ezezkoa bada kalerat aterako gara: desobedientzia, okupazioak… Irabazi egingo dugu; ez badugu orain lortzen, bihar lortuko dugu”. Izan ere, argi du mobilizazioek behartzen ahal dutela ministerio gai horiez mintzatzea. Zentzu horretan, Jorajuriak nabarmendu du Seaskako ikasleen %94k hartu duela desobedientziarako bidea: “Hori ez da gure helburua, eta nahiko genuke bidea errazago ukaitea. Haiendako ari gara, haiek ditugu lehen lerroan, bai ikasleak, bai gurasoak”.
Eusko Ikaskuntzak euskal hezkuntza sistemaz hausnartzeko antolatu dituen jardunaldiak izan ditu hizpide Jorajuriak, eta adierazi du gaur egun EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eragileak norbere aldetik ari direla lanean. Hori horrela, azaldu du Eusko Ikaskuntzak gogoeta abiatu zuela hezkuntza sistema horien ezaugarri amankomunez hausnartzeko: “Eztabaidatu behar dugu zerk batzen dituen, eta nola aterako ahalko genukeen eredu amankomun bat denendako”. Horri buruz hausnartzeko foroak egingo dituzte EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, eta beraiek azken horretan hartuko dute parte: “Seaskako komunitate guztiak hartuko du parte etorkizuna diseinatzen”.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legea eratzeko prozesua izan du hizpide, eta nabarmendu du ezinbestekoa dutela Euskal Herri osoko ikastolen elkartasuna: “Gu hortaz elikatzen gara; lege horrek EAEko ikastolak azkartzen baditu, gu ere azkartuko gaitu. EAEn eginen da lege hori, baina ondorioak guk ere pairatuko ditugu, eta horregatik hurbil segituko dugu afera hori”. Zentzu horretan, euskal hezkuntza sistemaren garrantzia azpimarratu du: “Gure ikasleek mundua ikasi behar dute, baina ikasi behar dute hemendik ikusten”.