Skip to main content

Jaime Tapia: 'Gutxienez presoen % 40a erdi aske egotea da helburua'

Elkarrizketa

Jaime Tapia Espetxe Erakundeetarako Eusko Jaurlaritzaren aholkularia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Aieteko Bake Konferentziatik hamar urte beteko dira igandean. Horren inguruko hausnarketa egin du lehenik Tapiak. Dioenez, bakea “berretsi” egin da urte hauetan eta ildo horretan nazioarteko adituen lana goraipatu du. Bake prozesuan, “denok” lagundu behar dugula azpimarratu du. Belaunaldi berriei begira, “egora hori berriro errepika ez dadin”, memoria mantentzea ikusi du beharrezko.

Espetxe eskumena eskuratuta, Eusko Jaurlaritzak espetxe eredu berri bat eraikitzeko lanean da Tapiaren aholkularitzaren bitartez. Azaldu duenez, “justizia errestauratiboa” izango du ardatz eredu berriak. Ildo horretan, topaketa errestauratiboen programa martxan jarriko dutela adierazi du, “preso guztientzat”. Aurreikuspenen arabera, “datorren urtetik aurrera” egongo litzateke martxan.

Justizia errestauratibo horretan “birgizarteratzeak” hartuko du protagonismoa. Bide horretan, gutxienez presoen %40a erdi askatasuneko erregimenean egotea da “helburua”. Preso bakoitzaren egoera “aztertu” egingo dutela nabarmendu du Tapiak, eta adibide gisa jarri ditu adinekoak edo gaixotasunen bat dutenak, erdi askatasuneko erregimenaz gozatzeko aukera izan dezaketenen artean.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboari buruz galdetuta, Tapiak azaldu du beraien ustetan ez direla “kolektibo bat” eta beraz, “banan banan” aztertuko dutela preso bakoitzaren egoera, bai euskal presoena zein “besteena”. Unai Fanoren kasua gogora ekarrita, Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua kendu baitio, Tapiak baieztatu du: “Azken hitza edo erabakia beti hartu behar du epaile batek”. Haren ustez, hori ere bada justiziarako “berme bat”.

Birgizarteratze bidean, Eusko Jaurlaritzak sortu berri duen ‘Aukerak’ agentzia izan du hizpide. Horren ardatza izango da presoen formakuntza profesionala, espetxetik irtetean “lan duin bat izan ahal izateko”.

Espetxe barruan emakumeen egoeraz galdetuta eta horiek izan dezaketen seme-alaben egoerari erreparatuta, abusuak eta indarkeria jasan duten emakumeen egoera “aztertu” egin behar dutela dio, “laguntza” emateko. Horretarako, Emakunden laguntza izango dute. Bizkaian emakumeentzako zentrorik ez dagoela nabarmendu du, eta “alternatibetan” pentsatzen ari direla azaldu du. Besteak beste, erdi askatasunerako erregimenari lotuta, “emakumeen kasuan %40tik gora izan daiteke”.

Tapiak ez du uste gaur egun ezagutzen dugun espetxe sistema eta beste justizia eredu bat ezartzeko moduan gaudenik, “gizarte osoa ez dago prest espetxeekin amaitzeko”. Bestalde, zenbait delitu larrien aurrean “ezinezkoa” ikusten du orain espetxerik ez izatea. “Daukagunetik abiatu eta hobetuko dugu”, borobildu du. Bide horretan, Zubietako espetxea eraikitzeak “lagundu” egingo duela azpimarratu du.