Skip to main content

Garbiñe Aranburu, [LAB]: 'Euskal oligarkek politika publikoen norabidea markatzen dute'

Elkarrizketa

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra elkarrizketatu dugu Gurean Gaur magazinean.

Aranbururen esanetan, azken urteak nahiko gogorrak izan dira langileentzat, eta Ukrainako gerraren ondorioz egoera okertu egin dela dio, irtenbide diplomatikoaren ordez, "bide belizista" hautatu delako.

Horren ondorioz, gerra luzatu dela azpimarratu du, eta horrek ondorio ekosozialak areagotu dituela. Testuinguru horretan, nabarmendu du langileei ezin zaiela esfortzu gehiago eskatu, 2011tik hona, langileek 6.000 euroko galera izan dutelako bataz beste.

Egoera horren aurrean, soldatak eta pentsioak KPIaren igoeraren araberakoak izan behar direla defendatu du. Hain zuzen, KPIa da negoziazio kolektiboen “blokeoaren arrazoi nagusia”, dioenez. Baina argi adierazi du: “LAB ez da egongo langileen eros ahalmena bermatuko ez duen inolako errenta itunetan”.

Horrez gain, erreforma fiskalari ekitearen alde egin du Aranburuk, aberastasunaren banaketaren eztabaidari ekiteko, azaldu duenez. Eremu politikoan eztabaida horri helduko ote zaion galdetuta, “Josu Jon Imaz bezalako euskal oligarkek” politika publikoen norabidea “markatzen” dutela adierazi du, eta Eusko Jaurlaritzak horiei “men egiten” diela deitoratu du. Ildo beretik, “kapitalismoak bultzatzen duen etengabeko hazkundearen mitoarekin amaitu” behar dela nabarmendu du. Eztabaida hori egin ezean, bestelako neurriak “partxeak” besterik ez direla izango uste du.

Atzerritartasun Legearen erreformaz galdetuta, migranteak lan munduan sartzea ahalbidetzeko aldaketa ekarri duena, Aranburuk adierazi du Legeak aldaketa “sakona” behar duela. Enpresariek langile migranteez “baliatzeko” bitartekoa dela iritzi du; “langileak hartu eta botatzearen logikan”.