Eneko Goia: 'Hondalea esperientzia bat da; azken urteetako hiriko eskulturarik garrantzitsuena"

Eneko Goia Donostiako alkatea elkarrizketatu dugu gaur Hamaika Telebistan. Hondartzaren denboraldiaz hitz egiten hasi gara Donostiako alkatearekin, eta adierazi du bihar hasiko dela hondartzako denboraldia. Hainbat neurri jarriko dituzte, Kontxako hondartzan esaterako: aforoa kontrolatzeko neurriak...etab.

Turismoari dagozkion aurreikuspenak hizpide, adierazi du uztailerako erreserbak mugitzen ari direla, baina egoera honetan zaila dela aurreikuspenak egitea, "herritarrek azken momenturaino bertan behera utz ditzaketelako erreserbak". Zentzu horretan, turismoak azken urtean momentu zailak bizi izan dituela nabarmendu du, eta espero duela gauzak hobera egitea.

Udako kultur ekitaldi eta jarduerak izan ditu hizpide, eta Jazzaldia, Hamabostaldia iaz baino "baldintza hobeetan" egin ahalko dutela nabarmendu du; horretaz gain, Donosti Cup eta Donostiako Klasikoa berreskuratzea espero dutela adierazi du. Kontrara, Aste Nagusia ez dute orain arte bezala ospatzerik izango, eta bestelako kultur jarduerak antolatuko dituztela adierazi du.

Santa Klara uhartean ikus daitekeen 'Hondalea' eskultura izan du hizpide Goiak, eta "esperientzia" gisa definitu du; horrez gain, hirian azkenaldian egin den eskulturarik garrantzitsuenetzat jo du. Ekologisten kritikai erantzunez, nabarmendu du "arrisku bat baino gehiago, aukera bat dela; beharbada, orain arte ez diogu uhartearen txukuntasunari hainbeste erreparatu, eta horretarako aukera emango digu eskultura honek".

Donostiako metroaren obrak izan ditu hizpide, eta azpimarratu du metroaren lau kilometroetatik hiru kilometro baino gehiago "arazo handiegirik gabe" egin dituztela. Hori horrela, Donostiako alkateak azaldu du Euskal Trenbideen Sareak "oso serio" hartu dituela azken zulo horrek eragindako kalteak konpontzeko lanak, eta proiektu berri bat jarri duela martxan "arazoak eman dituen 500 metro horiek egiteko".

Etxebizitza politikari buruz ere galdetu diogu eta adierazi du egiten diren promozio guztien erdietan babes ofizialeko etxeak egingo dituztela; horrez gain, Eusko Jaurlaritzak etxe hutsei jarriko dien kanona aplikatuko dutela azaldu du.

Bizikidetzaren arloan, ETA desagertu zenetik gauzak "asko" aldatu direla azpimarratu du, eta eztabaidarako bideak ireki dituztela. Zentzu horretan, Urgulleko Bihotz Sakratuaz galdetuta, adierazi du Memoria Historikoaren Legea aintzat hartuta egoera aztertzeko txostena Aranzadiri eskatu diotela, eta beren asmoa dela horren arabera jokatzea.

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image