Skip to main content

Gotzon Barandiaran, Sormene: 'Amatasunaren gaia lehenago edo beranduago landu behar genuen'

Elkarrizketa

Gotzon Barandiaran Sormene jaialdiaren zuzendari artistikoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Aurreko urteetako eskema antzekoa mantenduko dute aurten ere: goizetan, azaroaren 10ean eta 11n, bi tailer antolatu dituzte Galdakaoko hainbat ikastetxetako haur eta gaztetxoentzat: Eider Ibarrek ilustrazio tailerra eskainiko du, eta dantza tailerra Oier Araolazak. Horrez gain, publiko orokorrarentzako eduki eta emanaldiak ere eskainiko dituzte ostegunetik igandera.

Gotzonek nabarmendu du Sormene euskarazko kulturgintzaren plaza dela, eta azpimarratu du banaezinak direla euskarazko kulturgintza eta euskararen normalizazioa: “Euskarazko kulturgintzak ezin du iraun euskararen normalizaziorik gabe, eta euskarak ezin du normalizatu euskarazko kulturgintza osasuntsu ez badago". Era berean, nabarmendu du euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatu ezean izugarrizko atzerakada gertatuko dela oso denbora gutxian, eta gehitu du erdaretan sortzea “hautu politiko eta ideologikoa” dela: “Ez da naturala”.

Barandiaranen esanetan, euskararen erabileraren beherakadak eragin zuzena du euskarazko kulturgintza plazaratzeko hautua egiten dutenen eta euskal kulturzaleen kopuruaren artean ere, eta zentzu horretan, nabarmendu du euskarazko kultur zaletasuna sortzea epe luzerako kontua dela: “Kultur zaletasuna patxadaz landu behar da, eta modu integralean: hizkuntza politika kultur politika da Euskal Herrian, eta baita industria politika ere. Eta hizkuntza politika hainbat arlotan egin behar da: hezkuntza arautuan, ez-arautuan, komunikabideetan…”.

Aurtengo edizioan emakumeen lanak nabarmendu eta prestigioa eman nahi izan dietela azpimarratu du jaialdiaren zuzendari artistikoak, eta amatasuna izango da, besteak beste, jaialdiaren ardatzetako bat: "Emakume euskaldun sortzaileen lana nabarmendu nahi baldin badugu, amatasunaren gaia lehenago edo beranduago landu behar genuen". Izan ere, Barandiaranek azpimarratu du feminismoak gero eta gehiago zeharkatzen dituela herritarren bizitzak, eta uste du sorkuntzatik ere egin behar dela ekarpena.

Programazioari dagokionez, euskaraz sortzearen aldeko aldarria egingo dute emanaldi berezi baten bidez, Neomak taldearen kontzertua izango da, eta Lore More antzerki konpainiak ‘Trapu zikinak’ obra eskainiko du, besteak beste.