Elixabete Etxanobek uko egin dio Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko lehiari
Politika
Ane Garitaonandia Etxebarria
Bizkaiko diputatu nagusi Elixabete Etxanobek uko egin dio asteazken honetan EAJren barne prozesuaren bigarren itzulian foru erakundearen buru izateko hautagai izateari, eta bidea libre utzi dio BBBk proposatutako hautagaiari, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Lehen itzulian Etxanobek 24 batzokiren babesa lortu zuen, eta Ibone Bengoetxeak, berriz, 86rena.
Etxanobek ziurtatu du "hausnartutako erabakia" izan dela, "EAJrekiko, haren barne prozedurekiko eta ohore handiz bete duen erantzukizun instituzionalarekiko errespetuari" erantzunez hartu duena. Era berean, foru erakundearen "egonkortasuna" eta "EAJren batasuna eta indarra" babestu nahi dituela adierazi du.
Iñigo Ansola BBBko presidenteak eskerrak eman dizkio Etxanoberi emandako pausoagatik eta esan du "denak direla etxekoak, eta EAJ izena daukan etxean inor ez dagoela soberan". Ahaldun nagusi gisa egindako lana baloratu du, baita bere talde osoarena ere, eta gogorarazi du zazpi hilabete dituztela aurretik Gobernu Programa aurrera eramateko.
Beraz, Ibone Bengoetxea izango da EAJren Bizkaiko ahaldun nagusigaia. Azaroaren 11n ofizialki izendatuko dute, Etxanobek hurrengo fasera ez igarotzeko erabaki ostean.

















