Ernaik eta LABek etxebizitza eta soldata duinen aldeko borrokara batzeko deia egin diote euskal gazteriari
Ekonomia
Ane Garitaonandia Etxebarria
Ernai gazte antolakundeak eta LAB sindikatuak "pobretzearen eta prekarizazioaren aurrean" antolakuntzarako eta borrokarako deia egin dute eta eta euskal gazteriari azaroaren 11ko greba orokorrean aktiboki parte hartzeko eskatu diote asteazken goizean Bilbon egin duten agerraldian.
Gazteen prekarizazio datuak azaldu dituzte: 25 urte baino gutxiagoko langileen ia erdiak ez dira iristen 1.600 euroko soldatara, eta adin tarte horretako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairura. Hego Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldatak 1.600 eurokoa izan beharko lukeela uste du LABek. Azaldu dute lan baldintzak urteekin zertxobait hobetu badira ere, soldaten bilakaerak ez duela inondik ere, gora egin etxebizitzaren prezioen bezala. Hala, gazteek euren diru sarreren kantitate geroz eta handiagoa bideratzen dute etxebizitzara, eta, era berean, etxebizitza bat lortzeko behar duten denbora beste adin tarteetan baino handiagoa da. Langile gazte batek, 25 urtetik beherakoak, 53 urte behar ditu etxebizitza libre bat erosteko eta 30 urte etxebizitza sozial bat lortzeko.
Testuinguru horretan, azaroaren 11n pobretzeari eta errentismoari aurre egiteko egiturazko neurriak eskatuko dizkiete instituzioei eta patronalari. Horrekin batera, soldata guztiak duindu daitezela ere eskatuko dute, langileen arteko arrakalekin amaitzeko.
Neurriok Euskal Herrian bertan hartzeko baldintzak badaudela uste du bi antolakundeek, eta Euskal Herrian etxebizitzaren auziari bertako behar eta baldintza propioetatik erantzuteko, burujabetza gehiagoren beharra dagoela aldarrikatu dute. Biek uste dute beste norabide batean indar egin daitekeela, lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka erdigunean jarrita eraldaketa sozialean eta nazionalean aurrera egiteko.
Ernaik, 'Urrats bat aurrera' kanpaina aurkeztu du, eta Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizitzeko ezinbestekoak diren auziak mahaigaineratu ditu. Orain, Euskal Herriko milaka gazterekin osatuko du diagnostikoa. Hala,bi eragileek euskal herritar oro duintasunez bizi dadin antolatzen eta lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute.

















