Skip to main content

Tubos Reunidosen sozietate nagusia likidatzeko fasea ireki du Gasteizko epaitegi batek

Ekonomia

Ane Garitaonandia Etxebarria

2026-10-27 09:08

Gasteizko epaitegiak Tubos Reunidos taldeko sozietate nagusiaren likidazio-fasea irekitzea erabaki du, ez baitute enpresa erosteko eskaintzarik jaso. Hala ere, likidazio-fasea irekitzeak ez du esan nahi Amurrioko eta Trapagarango lantegiak berehala itxiko direnik. Administrazio konkursalak taldearen ekoizpen-unitateak saltzeko prozesuarekin jarraituko du, gardentasuna, lehia eta aukera-berdintasuna bermatzeko irizpideekin. Helburua jarduera industrialari eusteko eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko aukera emango duen erosle bat aurkitzea da.

Bestalde, Enpresaren etorkizuna baldintzatzen duen arazo nagusietako bat SEPI industria partaidetzarako Espainiako sozietate publikoarekin duen zorra da. Enpresaren zor osoa 300 milioi eurokoa da, eta horien erdia du SEPIrekin. 2021ean jasotako finantzaketaren ondorioz.

Enpresa erosteko interesa agertu duten bost inbertitzaileek ez dute zor hori beren gain hartu nahi, eta egoera horrek zaildu egin du salmenta-prozesua. Egoera horren aurrean, SEPI zorra malgutzeko prest agertu da. Horretarako, administrazio konkursalarekin eta inbertitzaile interesatuekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu du.

Neurri horren helburua inbertitzaile berrien sarrera erraztea eta enpresaren jarduera industrialari zein enpleguari eusteko irtenbide bideragarri bat aurkitzea da.

Orain, ekoizpen-unitateak erosteko hautagaiek SEPIren zorra kudeatzeko baldintzak argitzea espero dute, eskaintzak eta inbertsio-planak zehaztu ahal izateko. Egoera bideratzeko, funtsezkoa izango da SEPIren eta inbertitzaileen artean akordio bat lortzea, betiere legeak ezarritako mugen barruan. Horren emaitzak erabakiko du, neurri handi batean, enpresaren jardueraren jarraitutasuna eta langileen lanpostuen etorkizuna. Horrenbestez, datozen asteetako negoziazioek garrantzi handia izango dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista