Skip to main content

Lorea Flores: "Ebro ibarretik kanpo ere uraren kutsadura maila nahiko larria da”

Sakonean

Azkenaldian, oso ezagunak egin dira Caparrosokoa bezalako makroetxaldeak: abeltzaintza esplotazio industrialak dira, eta bertan animalia ugari egoten da itxita. Elikagai guztiak kanpotik ekarri behar izaten dira, eta horrek hondakin ugari sortzen du, Lorea Flores eta Gotzone Sestorain Makroetxalden Aurkako Plataformako kideek salatzen dutenez: "Gune industrializatuak dira, eta ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzea interesatzen zaie; horrek sekulako inpaktua du".

Gotzonek gaineratu du Nafarroako kasuan ez direla behi haztegiak bakarrik, eta badirela txerri eta hegaztienak ere. Hortik lortzen den haragia, ordea, kanpora esportatzen da, eta bertan sortzen diren hondakinek lur azalera handiak kutsatzen dituzte: "Ur kontzentrazio maila handia iristen da uretara, bai azalekoetara eta baita lurpekoetara ere".

Azaldu dute Nafarroako legeak onartzen duela 1.250 behiko ustiategia egin ahal izatea; Caparrosoko makroetxaldeko arduradunek horri helegitea jarri zioten, erdea, eta salatu dute kopuru hori hedatu egin daitekeela gaur egun. Oso azpimagarriak dira Sestorainek eman dituen datuak: "7.000 buruko behin granjetaz ari gara, hegaztien kasuan, 300.000 oilasko ere egon daitezke granja batean, eta haragitarako 8.000 ardi. Hori barbaridade bat da, eta muga horrek jaitsi beharko luke gutxienez 180 unitateetara". Zentzu horretan, Floresek nabarmendu du arazoa "handitzen" ari dela, eta txerri haztegi handiak ugaritzen ari direla. Salatu du horrek sekulako eragina duela, eta nabarmendu du Ebro ibarretik kanpoko uretan ere kutsadura maila "nahiko larria" atzematen ari direla.

Horren aurrean, Sestorainek azpimarratu du beste eredu bat lantzea ezinbestekoa dela, eta zehaztu du eredu horretan etxaldeen bideragarritasunak lotuta egon behar duela lur lopuruari, etxaldeek "autonomia" landu dezaten, hori delako ekoizpen txikien edo etxaldeen biziraupenaren gakoa.