Skip to main content

Edurne Egino: "Mundu osoko begirada garrantzitsua da"

Elkarrizketak

Edurne Eguino medikua da, eta pandemia nola bizi izan duen kontatu digu Altxa Burua saioan. Eguinok azpimarratu du birusa mundu guztian dagoela, baina herritarrek beren ingurukoa bakarrik ikusten dutela: "Birusa hegazkinean etorri zen, eta hegazkinean dabil oraindik ere; gure artean dago". Zentzu horretan, mundu osorako begirada izatea garrantzitsua dela dio, eta txertoaren kontuarekin kezkatuta dagoela adierazi du: "Txertoarekin kezkatuta nago: ez dakit zer gertatuko den Afrikan, Asian...".

Osasungintzari dagokionez, adierazi du Osasunbideak "goi mailako" erantzuna eman duela, eta azpimarratu du "oso ongi" kudeatu duela pandemia. Nolanahi ere, lehen arretak ahultasunak dituela ere onartu du: "Lehen arretan, osasun-etxeetan, jendea falta zen; ez genuen 10 minutuko arreta eskaintzen pertsonako, askoz ere minutu gutxiagoko arreta eskaintzen genuen, eta hori faltan botatzen dut orain ere".

Bere iritziz, pandemiari aurre egiteko irtenbidea ez zen ZIU gehiago jartzea: "Denok dakigu zenbat urte behar diren ZIUetako erizain edo mediku bat formatzeko". Hala ere, hurrengo urteetako plangintza falta dela azpimarratu du: "Hemendik 10 urtera, nire belaunaldiko medikuak jubilatu egingo gara, eta ez dago horien guztien tokia beteko duenik". Hori dela eta, datozen urteetako plangintza egitea ezinbestekotzat jo du, eta sektore publikoko langileen egoera ere salatu du: "Gaur egun, osasungintzako eta hezkuntzako langileen kontratuak egunetakoak edo asteetakoak dira, eta langileen erdiak baino gehiagok ez du plaza finkorik; hori oso larria da".

Eguinoren iritziz, sistemak "oso ongi" kudeatu du pandemia, baina agintarien aldetik aholkuak garbiagoak izan beharko luketela dio: "Agintariek ez dute konfiantzarik izan herritarrengandik, eta konfiantza falta horretatik erantzuten du gizarteak".

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.