Gizartea

All Stories

Euskaraz argitaratutako lehengo liburua irakurriko dute 200 lagunek Bilbon

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen “Klasikoen XIV. Irakurraldi Etenik Gabe” edizioak euskaraz argitaratutako lehen liburua izango du protagonista; hain zuzen, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua irakurriko dute. Xabier Amurizak moldatu du testua: euskara batuan emandako antologia da, "kantatzeko estiloan". Izan ere, osasun egoerak eragindako zailtasunen ostean, garai berriari hasiera eman nahi diote antolatzaileek.

Arratsaldean bilduko da LABI, koronabirusaren aurkako neurriak berraztertzeko

LABIren Aholku Batzordea gaur arratsaldean bilduko da koronabirusaren aurkako neurriak berraztertzeko. Bilera horretan pandemiaren bilakaera aztertuko dute eta koronabirusaren hedapenari aurre egiteko indarrean dauden neurriak malgutzen dituzten ala ez erabakiko dute.

Amaitu da aurtengo Harrapazank programa

Hilabeteetako ibilbidearen ostean, asteburuan amaitu da aurtengo Harrapazank programa. Oraindik ere pandemiak baldintzatuta, baina iragan urtean ezinezko izan ziren alderdi batzuk berreskuratu ditu aurtengoak; hala nola, asteburu honetan ospatu diren eszena talentu lehiaketaren aurrez-aurreko galak.

Ostiral eta larunbatean, finalistek euren ikuskizunak publikoaren aurrean erakutsi dituzte BilboRock aretoan. Bi galatan banatu dute finala, junior kategoriakoak aritu dira ostiralean eta seniorrak larunbatean. Aforoa mugatuta eta segurtasun neurri zorrotzekin, aurreko urteetan bezala, publikoarekin egin ahal izan dituzte.

Hilabeteotan zehar aukera eman die Harrapazank-ek Bilboko gazteei aisialdi denbora euskaraz gozatzeko. Tailer, erronka eta bestelako proposamenak bota dizkiete eta talentu lehiaketan hobeto egiten dakitena erakusteko aukera izan dute. Asteburuan kategoria bakoitzeko hamar talde edo artistek Harrapazankeko coach-ekin landutako ikuskizuna erakutsi eta 500 euroko saria eta Goazen telesailaren kastingean parte hartzeko aukera irabazi ahal izan dute gazteek.

Pandemiaren beheranzko joera apaltzen ari da Euskal Herrian

Nabarmentzen ari da beheranzko joeraren apaltzea. Izan ere, Hego Euskal Herrian kutsatzeen gutxitzea ez da hain nabarmena izan azken egunotan. Ipar Euskal Herriko pandemiaren bilakaera ikusita, berriz, egonkortzen ari da egoera. Halere, Zuberoan alarma piztu dute osasun arduradunek.

BBVAko langileek greba egin dute zuzendaritzak iragarritako kaleratzeak salatzeko

BBVAk iragarritako 3.978 kaleratzeen aurkako greba egin dute bulegoko langileek espainiar Estatu osoan. Izan ere, enpresa-zuzendaritzak aurkeztutako kaleratze erregulazioak 115 langileri eragingo die Hego Euskal Herrian eta neurri hori baliogabetzeko borrokan dabiltza sindikatuak. Sindikatu deitzaileen arabera, Gipuzkoan ia bulego guztiak itxi zituzten, eta %95eko erantzuna izan zuen grebak; Araban, %90ekoa; Bizkaian,%85koa; eta Nafarroan, %90 ingurukoa. Hala ere, egoera hobetu ezean greba gehiago etorriko direla ohartarazi dute sindikatuek.

Murgiltze eredua bermatzeko eskatu diote euskalgintzako eragileek Emmanuel Macroni

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hizkuntza gutxituen alde mintzatu da Facebook bidezko mezu batean, murgiltze eredua Molac Legetik kanpo gelditu ondoren.

Murgiltze eredua babesteko eskatu die Gobernuari eta Parlamentuari, euskarazko, katalanezko edo bretoierazko eskolak bizirik jarraitu dezaten. Ipar Euskal Herriko eragileek horretarako bermeak eskatu dizkiote Macroni.

Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak ikastetxeen etorkizunean dakarren segurtasun faltaren aurrean, mobilizaziora deitu dute larunbatean Baionan.

Larunbateko pentsiodunen manifestazioari babesa adierazi diete Bilboko gazteek eta ikasleek

Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 29an Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituen manifestazioei babesa adierazi diete gazte mugimenduek - Ernai, Eragin, eta Gu Ere Bagara Bilbo - eta ikasle eragileek - Ikama eta Ikasle Sindikatua-. Gainera, gazteen prekarizazioak zein zapalkuntzak eta pentsioen aurkako erasoek harreman estua dutela ohartarazi dute gazteek. Horregatik, berretsi dute larunbatean kalera aterako direla pentsiodunekin batera.
hamaika telebista

Image