Alberto Alonso: "Estatus berriak premiazko baldintza bat bete behar du: lege barnean egotea"

Alberto Alonso PSE-EEko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Idoia Mendiak idazkari nagusi izateko hautagaitza ez duela aurkeztuko jakin berritan, Alonsok nabarmendu du oso harro dagoela zazpi urte hauetan egin duen lanaz: "Idoia Mendiak egin duen lana eta bere eskuzabaltasuna eskertu nahi ditut".

Era berean, nabarmendu du Eneko Anduezak eskaintzen dituen aukerak "ilusionagarriak" direla: "Euskal sozialismoaren denbora beste denbora bat da, lasaiagoa; ona izango da euskal sozialismoarentzako".

Alonsok nabarmendu du berpizte ekonomikoa eta berdintasuna direla beren lehentasun handienetako batzuk. Estatutu berria ere izan du hizpide, eta adierazi du estatus berriak "premiazko baldintza" bat bete behar duela: "Lege barnean egon behar du, eta joko arauak oso argi daude".

Koalizio gobernuaren egoeraz galdetuta, nabarmendu du pandemiaren ondorioz "tentsio handiko" urteak bizi izan dituztela; hala ere, uste du "nota onarekin" gainditu dituztela legegintzaldiko lehen bi urteak.

Hezkuntza Lege berria izan du hizpide, eta adierazi du bere ardatzak "ikaslea" izan behar duela: "Ikasleek trebetasun berriak lortzea da lehentasuna". Hori horrela, ez du uste euskara lehentasuna denik: "Beti egon gara euskararen alde eta hainbat legetan hartu dugu parte, baina ez dugu uste lehentasuna denik".

Puigdemonten atxiloketari dagokionez, nabarmendu du ez duela uste eraginik izango duenik Kataluniako elkarrizketa mahaian: "Gauza bat da pertsona batek justiziarekin argitzeke dituen kontuak, eta bestea prozesu politiko oso bat".

Zerikusia duten artikuluak