Xabier Ochandiano: “Bilbok irribarrea berreskuratu behar du”

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak eragindako pandemia hizpide, nabarmendu du erantzukizunez jokatu duela, "gizartearen egoera soziala, ekonomia eta enplegua eta kultura zainduz. Zentzu horretan, merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko hainbat neurri hartu dituztela azpimarratu du: "Diru laguntza zuzenak, bonoak, zergak, terrazen malgutasuna...".

Bilboko Merkataritza Plana oso garrantzitsutzat jo du, "larrialdi neurriak eta epe luzeko estrategiak aldi berean garatu dituztelako". Adierazi du planak lau helburu dituela: Bilbo erakargarria eta erosoa izatea, merkatarien lehiakortasuna mantentzea, sektorea garatzea eta Bilboren nortasuna garatzea, eta koobergantza publiko eta pribatua berriztea. Zentzu horretan, azpimarratu du sektorearekin batera sortu dutela sektoreak dituen erronkei erantzuteko. Plangintza "oso transbertsala" dela dio, eta sail guztiek hartu dutela parte: "Oso garrantzitsua da merkataritza, sektore gisa, ikuspuntu transbertsaletik hartzea". Merkatarien digitalizazioa izan du hizpide, eta nabarmendu du ez dela helburu bat, tresna bat baizik; zentzu horretan, merkatariek beldurra kendu behar dutela adierazi du.

Eurokopa dela eta, UEFArekin izandako harremanez hitz egin du Ochandianok, eta nabarmendu du osasuna jo zutela lehentasuntzat, eta seriotasunez jokatu dutela. Zentzu horretan, UEFArekin izandako akordioa bete zutela adierazi du, eta hitz egiten jarraitu dutela. Zentzu horretan, UEFArekin akordioa egin dutela dio: "Milioi eta erdi euro gastatu genituen, eta diru guztia berreskuratuko dugu". Horrez gain, azaldu du 2024ean eta 2025ean gizonezkoen eta emakumezkoen bi final jokatuko direla Bilbon. Euskal selekzioaren harira egindako kritikak hizpide, nabarmendu du euskal selekzioaren ofizialtasuna defendatzeko, eta nazioarteko ekintzak erakartzeko gai izan behar direla: "Ez naiz konfrontazioaren aldekoa".

Kontsultoren auzia dela-eta, EAJk eta PSE-EEk Lehiaren batzordeko txostenean ageri diren kontratuak ikertzeko eskaera atzera ukatu izanaz galdetuta, nabarmendu du azalpenak emanda daudela: "Kontua argituta gelditu dela uste dugu".

Zerikusia duten artikuluak