Skip to main content

Miren Lauzirika, EmakumeEkin: 'Gizartean oso barneratuta dauzkagu ekintzailetzaren inguruko estereotipoak'

Elkarrizketa

Miren Lauzirika eta Izaskun Rama EmakumeEkin elkarteko presidente eta lehendakariordea elkarrizketatu ditugu Hamaika Telebistan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume ekintzaileen premiak azaleratzeko manifestu bat aurkeztu dute Donostian.

Lauzirikaren esanetan, ekintzailetan genero ikuspegia txertatu behar zela ikusi zuten: “Ikusi genuen barne mugak genituela, eta ohartu ginen ez genituela identifikatzen horien nondik norakoak, eta nahi genuen emakumeon artean hitz egin. Konturatu gara generoaren pisua oztopo bilakatzen zela horretan ere”.

Zentzu horretan, uste dute emakumeen sozializazioak eragin handia duela beren ekintzailetza prozesuan: “Esperientziek eta datuek erakusten dute barne mugak zein kanpo mugak daudela; oraindik aurreiritziak daude eta emakumeok ez gaituzte hezi ekintzaile izateko; oraindik ere badirudi emakumeak gizonaren osagarri izan behar duela".

Hain zuzen, Ramak gehitu du soldata arrakalaren ondorioak ere jasaten dituztela proiektu berriak abian jartzerakoan: “Datuek erakusten dute gizonek 30.000 euro izaten dituztela lehen inbertsiorako, eta emakumeek 16.000".

Zaintza lanak ere badu eraginik, azpimarratu dutenez: “Zaintza lanak emakumeen eta gizonen artean ondo banatzen ez diren bitartean, bestelako mekanismoak behar dira emakume horientzat". Hain zuzen, nabarmendu dute hori “zuzentzen” ez den bitartean, emakume horiek probrezian egoteko arrisku gehiago dituztela: “Bestelako neurri positiboak behar ditugu horri buelta emateko”.

EmakumeEkin elkarteko kideen helburua da manifestu hau instituzioek aintzat hartzea eta mekanismoak martxan jartzea: “Euskal administrazioari eskatu diogu datuak jakin nahi ditugula: emakume ekintzaile batek zenbat fakturatzen duen eta zenbat kotizatzen duen”.