Skip to main content

Miren Gorrotxategi: "Zubietako erraustegia ez litzateke existitu beharko"

Elkarrizketa

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. En Comu Podemek Katalunian emaitza "onak" lortu dituela dio, "esentzialismoa, nazionalismoa edo lurraldetasuna zentro gisa" jartzen den testuingurua delako, eta horrek eragiten duen "polarizazioak" ez dielako mesede egiten. Horrek, beste testuinguru batzuetan, emaitza "hobeagoak" lortzea ahaldibetzen diela dio.

Espainian ez dagoela "normaltasun demokratikorik" azpimarratu du, eta Pablo Haselen atxiloketa horren erakusle dela adierazi du.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioak izan ditu hizpide, eta Gorrotxategik nabarmendu du 1.200 emendakin partzialetatik bakar bat ere ez onartzeak erakusten duela aurrekontuak "onartu" nahi ez izatea: "Horri "rodilloa" deitzen zaio", salatu du. Zentzu horretan, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi hau "erabiliko" duela aurrez onartu ezin izan zituen legeak onartzeko.

Covid19ak eragindako pandemiaren egoera izan du hizpide, eta egoera kezkagarria dela dio. Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu du, eta "propaganda", "planifikazio falta" eta "informazio gabezia" salatu ditu.

Txertaketa kanpaina izan du hizpide, eta planifikazio falta salatzeaz gain, farmakologikoak eta txertoen patenteak publifikatzeko eskatu du, txertoak garatzeko diru publikoa erabili dela kontuan izan da. Osakidetzaren egoera salatu du, eta onartezintzat jo du langileen behin behinekotasuna: "Hori amaitu egin behar da".

Eusko Jaurlaritzak Zubietako erraustegian hondakin industrialak erretzeko aukera eman izana aztertu du, eta nabarmendu du erraustegia ez litzatekeela "existitu" beharko. Zentzu horretan, Zaldibarko zabortegiko hondamendia ere izan du hizpide, eta bertan "kontrol administratibo falta" egon dela nabarmendu du, eta beraz, "erantzukizun politikoak" daudela.

Europako funtsak "ezinbesteko" baliabide ekonomikoak direla dio, baina "eraldaketa ekonomiko eta sozial bat abian jartzeko ondo kudeatzen" baldin badira. Halaber, Europako funtsen eragina "epe luzerakoa" izango dela nabarmendu du, eta beraz, ez duela Gobernu batek erabaki behar, baizik eta jendarte osoaren adostasuna bilatu beharko litzatekeela.