Kattalin Miner: "Gizartean pentsatzen da zaintza hobea dela maitasunarekin"

Kattalin Miner idazle eta ekintzaile feminista elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Martxoaren 8ko mobilizazioen inguruan sortu den polemikaz galdetu diogu, eta nabarmendu du urte osoan "zientoka" mobilizazio egin direla, eta ez zaiela horrelakorik eskatu. Adierazi du Euskal Herriko mugimendu feministak "tentuz" jokatuko duela, baina kalera irtengo dela beste behin.


Arrazismoaren inguruan lan handia egin dela dio, eta horren barruan, zaintza lanak izan ditu hizpide: "Gaizki ordaindutakoak, muturreko prekarizazioan daudenak, beste emakumeok iristen ez garenak... emakume arrazializatuen gainean erortzen dira", adierazi du. Zaintza lanen atzean, "karga sinboliko" handi bat dagoela dio, "bondadea" ekartzen duena; hala ere, azpimarratu du zaintza ezinbestekoa dela bizitzeko, eta, beraz, herritar guztien lana izan behar duela.

Zaintzaren erromantizazioa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du gizartean "pentsatzen" dela zaintza lana "hobea" dela maitasunarekin. Azpimarratu du, ordea, "ondo" zaindu daitekeela enpatiarekin, baldintza onetan... Ez duela zertan "maitasunarekin bustita" joan behar.

Gazteek feminismoarekin eta parekidetasunarekin duten harremanaz galdetu diogu, eta nabarmendu du "injustua" iruditzen zaiola gazteei eskatzen zaiena. Izan ere, azpimarratu du gazteek gizartean ikusten dituzten gauzak egiten dituztela eta, askotan, gazteei eskatzen zaizkiela herritarrek egiteko prest ez dauden gauzak. Zentzu horretan, nabarmendu du hezkuntzan lan "handia" egin behar dela, baina baita hortik kanpo ere.

Trans legea izan du hizpide, eta nabarmendu du legeak eskubide berak aitortzen dizkiela pertsona guztiei. Era berean, nabarmendu du Euskal Herriko mugimendu feministan kontsentsu handia dagoela, eta lege honek trans pertsonei aukera ematen diela beren tramitaziaori eta beren gorputzen autogestioari bide emateko. Zentzu horretan, salatu du "sekulako transfobia" dagoela trans pertsonei oinarrizko eskubideak emango dizkien legea deuseztatzea eskatzearen atzean.

Alardeari buruz Aurre egin badugu dokumentalean parte hartu du Minerrek, eta eskertuta dagoela adierazi du. Alardea "indarkeriaren manifestazio esplizitu eta biolentoa" dela dio, baina aldi berean, "erresistentzia keinu oso indartsua".

Iaz kaleratu zuen Turista klasea liburuaz galdetuta, adierazi du arraza, klasea, generoa.. eta beste hainbat gai landu dituela euskal preso bat bisitatzeko egindako bidaia hizpide hartuta. "Pretentsio handirik" gabe idazten hasi zela dio, baina "pozik" eta "lasai" dagoela emaitzarekin.

Zerikusia duten artikuluak