Skip to main content

Itxaso Atutxa: "Gure erantzukizuna da estatutu berri baten proposamena egitea"

Elkarrizketa

Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Legegintzaldi honetako bi urte hauetako balorazioa egin du Atutxak; bere esanetan, pandemiak baldintzatu egin du Jaurlaritzaren, udalen eta aldundien egitekoa, bana azpimarratu du "programak betetzen" ari direla.

Poliziaren eta gazteen artean gertatu diren istiluak izan ditu hizpide, eta "oso salagarriak" direla azaldu du: "Ezin gara dudatan ibili".

EH Bildurekiko harremanei dagokienez, azpimarratu du publikoki liskar txikiak izaten dituzten arren, pribatuan harremanak mantentzen dituztela EH Bildurekin, "diskrezioz, baina ez ezkutuan". Hain zuzen, nabarmendu du alderdi ezberdinen arteko elkarrizketarako espazioak "beti" mantendu behar direla. Hala ere, bere esanetan, "EH Bilduk erakutsi du errazago zaiola beste alderdi batzuekin akordioetara heltzea, eta hemendik urrun, Madrilen".

Atutxak azpimarratu du "gizartean arrakala sozialik egon ez dadin, gizarte zerbitzuek gora egin behar dute kalitatean zein eskaintzan". Era berean, Europako funtsak izan ditu hizpide, eta adierazi du espero duela Espainiako Gobernuak hurrengo astean azaltzea zer gertatuko den Europako funtsekin.

Espetxeetako eskumena izan du hizpide, eta azpimarratu du espetxeetako egunerokotasunean eragiteko legea eztabaidatzeko eta adosteko modua egongo dela Legebiltzarrean. Zentzu horretan, adierazi du bizitzeko gutxieneko errentaren eskumena udazkenean eskuratzea espero dutela.

Autogobernu ponentzia izan du hizpide, eta adierazi du alderdi politikoen erantzukizuna dela estatutu berri baten proposamena egitea. Zentzu horretan, adierazi du ez dela erraza izango akordioa lortzea, baina lortzeko "itxaropentsu" dagoela adierazi du.

Larrialdi klimatikoari dagokionez, nabarmendu du beren lehentasunetako bat dela Euskal Herriaren garapen ekonomikoa, eta adierazi du ezin dela ingurumenaren errespetuarengandik ezberdindu".