Iñigo Martinez: "Prekarietatera bueltatzea normaltasuntzat jotzea ez da onargarria"

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IU koalizioko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Sanchezek argindarraren prezioa mugatzeko hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide: "Elkarrekin Podemosek urteak daramatza esaten energia merkatuaren erreforma integrala behar dugula; neurri horiek ez dira nahikoak izango, baina bai ezinbestekoak".

Ekonomiaren suspertze fase honetan nabarmendu du ikusi beharko dutela enpresek zein konpromiso duten enpleguarekin, eta adierazi du instituzioek ere neurriak hartuko beharko dituztela. Tubacex enpresako gatazka izan du hizpide, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du: "Yolanda Diaz Espainiako Lan Ministroak Tubacexeko langileei babesa adierazi zien, baina Eusko Jaurlaritzak bidaltzen dien gauza bakarra Ertzaintza da, eta hori ez da bidezkoa". Zentzu horretan, adierazi du beren nahia ez dela normaltasunera bueltatzea: "Prekarietatera bueltatzea normaltasuntzat jotzea ez da onargarria". Era berean, Espainiako lan erreformaz galdetuta, bere erantzuna argia izan da: "Lan erreforma aurten indargabetuko da; oso argi daukagu hori".

Eusko Jaurlaritzarekin dituzten harremanak izan ditu hizpide, eta adierazi du pasa den ikasturtearen amaieran "hobetu" egin zela harremana elkarrizketari bidea eman ziotelako: "Ikasturte osoa pasa genuen elkarrizketa eskatzen, eta ez zuten gurekin hitz egin nahi izan; ez gurekin, eta ezta beste inorrekin ere". Hori horrela, Osasun Publikoaren eta Hezkuntzaren legeez mintzatu da: "Osasun Publikoaren Lege proposamenak Osakidetzaren pixkanakako pribatizazioa sendotzen badu, ez dure gure babesa jasoko. Eta hezkuntza legearekin berdin; guk hezkuntza publikoaren aldeko lege bat nahi dugu".

Europako funtsei dagokienez, Martinezek galdetu du ea zertan inbertituko diren, eta adierazi du horren arabera babestuko dituztela aurrekontuak. Zentzu horretan, fiskalitate justua ezarri behar dela nabarmendu du.

Autogobernu ponentzia hizpide, ezinbestekotzat jo du Gernikako Estatutua baino akordio zabalagoa sortzea: "Lau alderdi politiko nagusiek hor egon behar dugu". Azkenik, LGTBIQ+ pertsonen aurkako erasoez mintzatu da Martinez, eta "garai oso erreakzionarioan" gaudela adierazi du: "Irtenbide bakarra hezkuntza da".

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image