Skip to main content

Garbiñe Aranburu, LAB: "Mahai sindikal bat martxan jartzeko eskatu diogu Hezkuntza Sailari"

Elkarrizketa

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Hezkuntza Legea izan du hizpide, eta nabarmendu du bi “eztabaida” daudela mahai gainean: bata, Hezkuntza Legearen ingurukoa, eta bestea langileen aldarrikapen laboralei buruzkoa. Hori horrela, Aranburuk nabarmendu du hezkuntzako sindikatuekin mahai sindikal bat deitzeko eskatu diotela Hezkuntza Sailari. Izan ere, bere esanetan, Hezkuntza Legeak “eraldaketa sakona” behar izateaz gain, langileen aldarrikapenei erantzuna eman behar die Hezkuntza Sailak.

Hezkuntza Legearen aurreproiektuari dagokionez, Aranburuk nabarmendu du “konpromiso sendoagoak” behar dituela euskalduntzeari eta segregrazioari dagokionez. Horrez gain, aipatu du ondo “zehaztu” behar direla Euskal Hezkuntza Zerbitzuan parte hartzen duten ikastetxeen betebeharrak zeintzuk diren, eta azpimarratu du “konfluentziaren” aldeko hautua egiten dutela gaur egungo eredutik sistema publiko burujaberanzko “trantsizioan”.
Hauteskunde sindikalen emaitzak izan ditu hizpide, eta azpimarratu du langileek LABek ordezkatzen duen “eredu sindikalarekin bat” egiten dutela. Nabarmendu du bigarren postuak egonkortu dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zein Nafarroan, eta azpimarratu du CCOO sindikatuarekiko aldea “handitu” egin dutela.

Aranburuk nabarmendu du “kutsu elektoralista” ikusten diola EAJk eta PSE-EEk zerga erreformaren inguruan egindako iragarpenari; izan ere, adierazi du ez dagoela “politika publiko birbanatzailerik egiteko apusturik".
LAB sindikatuko kideak ezinbestekotzat jo du metalgintzako langileen “determinazioa” lan gatazka hori amaitzeko: “Langileen borrokari esker, Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza jarrera hartu behar izan du, eta horrek egoera desblokeatzea ekarri du”. Kontrara, “arduragabekeriatzat” jo du ELAren jarrera: “ELAk aldebakarreko bidea hartu du metalgintzako gatazkan, eta hori arduragabekeria da, langileen indarra murrizten duelako. ELAk greba deitzeko asmoa duen arren, grebak egikaritzeko eta greba horiek aurrera ateratzeko ez du indar nahikoa erakutsi".

Zaintza sektorea izan du hizpide, eta azpimarratu du zaintza sektorea “pribatizatuta” dagoela, eta horrek “eraldaketa sakona” eskatzen duela. Izan ere, sektore horretako langileen lan baldintzak kaxkarrak direla dio, eta sektore feminizatua dela. Hala ere, dio “ahalduntze kolektiboa” gertatzen ari dela emakume horietan, eta egoera laboral horiek “desblokeatzeko” indar kolektiboa dutela.
Aranburuk nabarmendu du “aurrekaririk gabeko” borroka zikloa gertatzen ari dela eremu sindikalean, eta “konfluentziarako” garaia dela dio. Horretarako, gainerako borroka eremu eta eragile sozialekin adostasunak lortu behar direla azpimarratu du.