Skip to main content

Eva Ferreira: "Prestakuntza dualaren eta nazioartekoaren eskaintza handitu nahi dugu EHUn"

Elkarrizketa

Eva Ferreira EHUko errektorea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Ikasturtea hasi den egunean, nabarmendu du 8.400 ikasle berri dituela EHUk. Bere esanetan, ikasleen %55a euskaraz ikasten ari da, eta ikasleen erdia baino gehiago emakumezkoa da.


Pandemiari dagokionez, adierazi du aurreko ikasturteko neurri berdinekin hasiko dutela ikasturtea, eta erronka presentzialtasun osoa errekuperatzea dela azpimarratu du: "Iaz, bataz beste, %7e5ko presentzialtasuna mantendu genuen, eta osoa errekuperatzea da helburua".

Shangai Rankingean 400. postua lortu izanak direna "aitortzen eta ikusarazten" duela azpimarratu du, eta adierazten duela ikerketa maila altuko unibertsitatea dela. Finantzaketa eta malgutasuna ezinbestekotzat jo ditu hobetzen jarraitzeko, baita oinarrizko ikerketa bultzatzea ere: "Hainbat arlotan erreferentea da nazioarteko unibertsitateen artean, eta baita hemen ere", azpimarratu du.

Datorren ikasturterako erronkak zerrendatu ditu Ferreirak: "Prestakuntza dualaren eta nazioartekoaren eskaintza handitu nahi dugu. Unibertsitate-enpresa gelen kopurua handitzea espero dugu, eta baita formakuntza jarraiarena ere". Formakuntza oso garrantzitsutzat jo du, lan aukera handiagoa izateko ezinbestekoa delako.

Ferreirak adierazi du beren apustua dela ikasle eta irakasleentzat gune segurua izatea unibertsitatea, eta berdintasuna beren agendaren "erdigunean" dagoela nabarmendu du. Zentzu horretan, azpimarratu du beren erronka dela gizartearen onura bultzatzea "ezagutzatik, ikerketatik, formakuntzatik eta transferentziatik".