Skip to main content

Amaia Bacigalupe: "Medikuntzak erro androzentrikoak ditu"

Elkarrizketa

Amaia Bacigalupe soziologoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Soziologoak nabarmendu du herritarren baldintza sozio ekonomikoek baldintzatzen dituela pandemia honi aurre egiteko hartu diren neurriak betetzeko aukerak, eta horrek herritarrengan dituen eraginak.

Sindemia bi epidemien arteko elkar topatzea dela dio, eta balio duela aldagai sozio ekonomikoek daukaten garrantzia mahai gainean jartzeko. Zentzu horretan, azpimarratu du pertsona guztiei pandemia hau kudeatzeko neurri berak jarri zaizkiela horri aurre egiteko gaitasuna berdina dela pentsatuz, baina nabarmendu du hori ez dela egia. Bide beretik, azpimarratu du instituzio publikoen politikek "ekitate perspektiba" izan behar dutela ahalik eta eraginkorrenak izateko, eta ahalik eta sufrimendurik txikiena eragiteko.

Era berean, pandemia egoeran ondorio emozionalak areagoatu egin direla dio, eta horretan generoak eta klaseak eragina duela nabarmendu du. Zentzu horretan, buru osasunari dagokionez, biomedikuntza "hanka-motz" dabilela azpimarratu du, eta gehitu du medikuntzan, beste hainbat disziplinetan bezala, oso argi ikusten dela erro androzentriko batetik sortu zela: "Medikuntzak hiperbisibilizazioa eman dio hainbat arlori, eta emakumezkoen berezitasunei, esatearako, oso gutxi".

Psikofarmakoen erabilera handiagoa da emakumeen kasuan, eta horren atzean egon daitezkeen arrazoi ezberdinak azaldu dizkigu Bacigalupek. Hala ere, psikofarmakoen erabileran dagoen genero arrakalari erantzuteko, ezinbestekotzat jo du ezinegonak "politizatzea" eta "errora" joatea: "Zein bizimodu ari gara eraikitzen osasun fisiko eta mentalerako batere osasungarria ez dena?", galdetu du. Zentzu horretan, arlo komunitarioan gauza asko egin daitezkeela nabarmendu du. Izan ere, soziologoak nabarmendu du neoliberalisomak "fantasiazko indibidualismoa" sortu duela, bakarrik aurrera egin dezakegunaren ideia. Kontrara, Amaiak nabarmendu du horrek "frustazioa" eragin dezakeela, gizakiok ezinbesteko ditugulako harremanak, sareak...etab.