Skip to main content

Durangoko Azokak 1.098 nobedade eta 311 ekitaldi izango ditu 61. edizioan

Kultura

Udane Arbeo Astigarraga

2026-11-18 11:56
Euskal kulturaren erakusleiho eta sortzaileen topagune izango da beste behin Durangoko Azoka. Abenduaren 4tik 8ra egingo dute 61. edizioa, eta aurten ere eskaintza zabalarekin dator: 1.098 kultur nobedade eta 311 ekitaldi izango dira guztira. Landako Gunean 174 partaidek hartuko dute parte, eta 286 erakusmahai jarriko dituzte. Baina azoka Landakotik harago doa. Hainbat gunek osatuko dute bost eguneko egitaraua, diziplina eta publiko desberdinei zuzendutako proposamenekin. Ahotsenean, esaterako, 62 liburu eta 43 disko aurkeztuko dituzte. Irudienean, euskaraz ekoitzitako 47 ikus-entzunezko eskainiko dituzte, tartean film luzeak, dokumentalak eta film laburrak. Szenatokiak, berriz, antzerkia eta arte eszenikoak izango ditu ardatz, eta Saguganbarak haur eta gaztetxoentzako jarduerak bilduko ditu. Teknologiak eta sorkuntza digitalak ere izango dute beren tokia. Kabiak adimen artifiziala, euskararen presentzia ingurune digitalean eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak izango ditu hizpide. Berbagailuak, bestalde, bideopodcastak hartuko ditu Madalenako ermitan, eta Atarteak arte ederrei eta ilustrazioari eskainitako erakusketak bilduko ditu.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista