Skip to main content

Helena Ruiz de Azua, Zaporeak: "Ia 1.000 boluntario pasa dira jada zortzi urte hauetan"

Gizartea

Helena Ruiz de Azuarekin hitz egin du Asier Arroitak Lesbosera bidaiatu baino lehen. Elkarteak Donostian duen egoitzan elkartu dira Ruiz de Azua eta biak eta Zaporeak elkartearen lanaz eta helburuez eta urte hauetako guztietako esperientziez hitz egin dute.

Ruiz de Azuak nabarmendu du 1.000 boluntarioren kopurura "erraz" iritsiko zirela urte hauetan guztietan; "Ez dira Lesbosera joan direnak bakarrik, Euskal Herrian gure ekintzetan parte hartu dutenak, supermerkatuetako elkartasun bilketetan egon direnak...". Azpimarratu du urte hauetan guztietan aldatu egin direla beren helburuak, "kronifikatu" egin delako errefuxiatuen egoera: "Lehen, garbantzu platera bat ematen genien eta kito, baina kontua da errefuxiatu askok hilabeteak eta urteak daramatzatela bertan bizitzen, errefuxiatuen kanpamentu bilakatu direlako. Errefuxiatuek gaixotasunak dituzte, anemia, diabetesa... eta gure menuek behar horiei erantzun behar diete".

Herritarrei ahal duten moduan laguntzeko deia egin diete, egoera hori "etxe ondoan" gertatzen ari delako eta "laguntza hori beharrezkoa dutelako beraiek laguntzen jarraitu ahal izateko".