Gure begiz

Agus Barandiaran: "Aurrera Fest jaialdirako jai erraldoia prestatu dugu, gonbidatu ugarirekin"

Agus Barandiaran 'Korrontzi' dantza eta musika fusio taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, kontzertua eskainiko baitute uztailaren 18an Aurrera Fest jaialdian. Barandiaranek azaldu duenez, "jai erraldoi bat" egin nahi izan dute, eta gonbidatu ugarik hartuko dute parte ikuskizunean: Euskal Herri osoko dantzariak eta Xabier Amuriza, besteak beste.

Xabier Amurizarekin lan handia egin dute azken hilabeteetan, eta berak sortutako 10 kopla-sorta musikatu dituzte. Musikariak nabarmendu digu plazerra izan dela Amurizaren letrak hartu eta musika jartzea.

Koldo Otamendi: "Musika munduan oso garrantzitsuak dira Arrosa Irrati Sareko irratiak"

Ostegunero legez, Musikazuzenean saioa izango da 21:30etik aurrera, Koldo Otamendi aurkezleak aurrerapena egin du. Denboraldiko azken saio honetan Chill Mafia taldeari eginiko erreportaia aurkituko dugu, Patxi Mercero Leihotikan taldeko gitarra jolea gehiago ezagutzeko aukera izango dugu 'Hitz Bitan' atalean, eta Arrosa Irrati Sareko 20.urteurrenaren harira eginiko erreportaia.

Iosu Ganuza: "Iruñeko artzapezpikuak barkamena eskatu du sexu erasoengatik"

Nafarroako gaurkotasunaren berri eman digu Iosu Ganuza lankideak Iruñetik: egoera epidemiologikoa, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuek Lizarrako el Puy ikastetxean gertatutako sexu erasoengatik egin duen aitortza, alderdi politikoek Francoren omenezko eraikinean egin beharreko aldaketez duten ikuspuntua, eta Adolfo Lakuntza Parlamentuko argazkilariaren agurra, besteak beste.

Udane Arbeo: "Jaurlaritzak Uda 2021 kontingentzia plana aktibatuko du migratzaileak laguntzeko"

Udane Arbeo lankidea izan dugu Gurean Gaur magazinean, zuzenean Gasteizetik eman dizkigu EAEko azken berriak; COVID19 gaitzaren bilakaera, txertaketa plana, Jaurlaritzaren kontingenzia plana udan ailegatu daitezkeen migratzaileak laguntzeko eta Salhaketaren eskaera Jaurlaritzari espetxe politika "errotik" aldatzeko.

Antton Elosegi: "Eutanasia legea aurrerapauso handi bat da"

Antton Elosegi Heriotza Duinaren Aldeko Elkarteko kidea elkarrizketatu dugu, Hego Euskal Herrian indarrean sartu den Eutanasiaren Legea hizpide. Nabarmendu du beraientzat ez dela "nahikoa", baina legea "aurrerapauso" handi bat dela. Etika Batzordearekin eta eutanasia eskatzeko prozedurarekin kritiko agertu da Elosegi. Gaineratu duenez, medikuen kontzientzia objekzioa "arazo larria" izan daiteke, batez ere Nafarroan, "Elizako sektore batzuk gehiegizko pisua dutelako".
hamaika telebista

Image