Skip to main content

Mikhail Gorbatxov zendu da, Sobietar Batasuneko azken buruzagia eta Perestroikaren sustatzailea

Mundua

Mikhail Sergeievitx Gorbatxov zendu da, Sobietar Batasuneko azken buruzagia eta Perestroikaren sustatzailea. 91 urterekin zendu da, gaixotasun luze baten ondorioz.

SESBen eta Gerra Hotzaren amaiera eragin zuten eraldaketen sustatzaile nagusia izan zen. 1985etik 1991ra izan zen Alderdi Komunistako idazkari nagusia, eta 1989tik aurrera SESBeko estatuburua.
Gorbatxovek 1985ean hartu zuen boterea, eta hasieratik aldarrikatu zuen sistema aldatzeko beharra. Hark bultzatutako perestroika edo berregituraketa eta glasnost edo irekiera eta gardentasun politikarekin hasi ziren aldaketa politiko eta ekonomiko nagusiak. 1987an jarri zuen martxan erreforma saila, SESB salbatuko zuelakoan. 1990ean, Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

1991ko abuztuan CCCP SESBeko Alderdi Komunistaren sektorerik gogorrenak estatu kolpea eman zuen Gorbatxoven aldaketak geldiarazteko. Kolpeak porrot egin zuen, eta Gorbatxovek sinesgarritasuna galdu.

Urte hartako abenduaren 8an, SESBeko hiru errepublika nagusietako ordezkariek —Jeltsinek, Ukrainako presidente Leonid Kravtxuvek eta Bielorrusiako Parlamentuko presidente Stanislav Xuxkevitxek— batasunaren desegitea sinatu zuten Bielorrusiako Belavezhskaia Pustxa basoan.

1991ko abenduaren 25ean, Mikhail Gorbatxovek Sobietar Batasuneko lehen eta azken presidente kargua utzi zuen.

Moskuko Novodevichy hilerrian hobiratuko dute, Errusiako beste hainbat pertsonaia historikorekin eta Raisa bere emaztearekin batera.