Skip to main content

Beste hamabost lagun deitu dituzte deklaratzera Ibai Aginaga euskal presoaren ongietorrian parte hartzea egotzita

Politika

Tinko amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako erakundea salatu duenez, Espainiako Audientzia Nazionalak 15 pertsona deklaratzera deitu ditu azaroaren 17 eta 18rako, Ibai Aginaga preso ohiaren ongietorrian parte hartzea leporatuta. Abuztuan beste hiru pertsona deitu zituzten arrazoi berberagatik.

Aginaga, hogei urte inguru preso egon ostean, martxoan atera zen Basauriko kartzelatik, eta ongietorria egin zioten Berangoko frontoian. Vox alderdi politikoak, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia taldeak salaketa aurkeztu zuten ekitaldiaren harira, eta, horri erantzunez, ikerketa bat abiatu zuten.

Auzipetuek ohar bat plazaratu dute gertakizunak salatzeko. Bertan, jarraipenak eta antolakunde politikoen gaineko kontrola salatu dituzte. Azaroaren 19an prentsaurrekoa egingo dute Berangon.