Eduardo Santos: "Sail honek hartutako erabaki guztiak herritarrengan pentsatuz hartu ditugu"

Eduardo Santos Nafarroako Justizia eta Migrazio Politiketarako kontseilaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid19ak eragindako pandemiaz galdetuta, adierazi du erabaki "zailak" hartu behar izan dituztela, baina beti izan direla bizitza eta osasuna babesteko. Alde horretatik, adierazi du "kezkatuta" daudela pandemia honek izan dezakeen eraginengatik.

Nafarroako Justizia Auzitegian aldaketak egingo dituzte datozen hilabeteetan, eta nabarmendu du justizia zerbitzu publiko bat denez gero, zerbitzu sozialak indartu behar direla. Zentzu horretan, nabarmendu du herritarrentzat egingo dituztela aldaketa horiek guztiak. Izan ere, justizia herritar guztiei dagokien zerbait dela nabarmendu du, eta dio zerikusi "handia" duela kohesio sozialarekin eta gatazken konponketekin. Kontseilariak azaldu du zigorren helburua jendea birgizateratzea dela, eta horretarako baliabide guztiak jarri behar direla. 

Adingabeei egindako sexu abusuak ikertzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Iruñeko elizbarrutiari, eta Abusu sexualak adingabeei Eliza katolikoan liburua ere argitaratu dute. Administrazioari eta gizarte osoari biktimak babestea dagokiela nabarmendu du; adierazi du biktimen "alde" jarri, eta Eliza Katolikoari eskatu diotela aurrerapauso bat emateko: "Biktimei esan behar diegu ez daudela bakarrik, eta gizartea prest dagoela erantzuteko".

Migratzaileen egoera izan dugu hizpide, eta nabarmendu du migranteak "aberastasuna" direla: "Horrek hausnarketa bat eskatzen du ikuspegi ekonomiko eta humanotik". Migrazioa "gure izaeraren parte" dela dio, eta nabarmendu du modu transbertsalean egin behar zaiela aurre migrazioek eragiten dituzten erronkei. Zehatzago,txinatar komunitatea ere izan dugu hizpide; izan ere, Nafarroako Gobernuak komunitate horri buruzko ikerketa bat egin du, eta beraiei zuzendutako zentro bat ere ireki dute Iruñean. Zentzu horretan, kontseilariak azpimarratu du txinatar komunitatea Iruñean eta Iruñerrian soilik zegoela lehen, eta orain Nafarroa osora hedatzen ari dela: "Kulturalki ere oso aktiboak dira, eta lan egin behar dugu beraiekin, gehitu du.

Adingabeko migratzaileez galdetuta, azpimarratu du adingabeak direla, eta beraz, babestu egin behar direla: "Oso aktibo boteretsua da gizarte honentzat", gehitu du.