Gure begiz

All Stories

Koldo Otamendi: "Euskal Herrian kriston bizitasuna dago musikari dagokionez"

Musika Zuzenean Hamaika Telebistako saioa izateaz gain, hanka askoko egitasmoa da. Agenda ataria ere bada eta berritu berri dute. Pandemiak eragindako basamortuaren ostean, kultur areto, gaztetxe edota tabernak musika kontzertuak antolatzen hasi dira, eta horren isla da Musika Zuzenean webgunea. Irailarekin batera kontzertu agenda gizendu da eta une honetan 250 emanalditik gora kontsultatu daitezke webgunean, euskara hutsean.

Auzolanean sortutako egitasmoa dela adierazi du: "Ni koordinatzailea naiz, baina nire atzean jende asko dago emanaldien berri ematen, fitxak sortzen, testuak osatzen...". Euskal Herrian sekulako bizitasuna dagoela azpimarratu du, eta kontzertu ugari egiten direla: "Zirkuitu anitza da".

 

Reyes Ilintxeta: "Orain da momentua koronabirusak ekarritakoaren gainean hausnarketa egiteko"

Gaur hasiko da 'Altxa Burua' saioa Hamaika Telebistan, Covid19 izurriak gizarteko hainbat alorretan izan duen eragina aztertzeko. Reyes Ilintxeta kazetaria da saioko zuzendaria eta aurkezlea; nabarmendu du aurrera begira jarri eta hausnarketarako tartea eskainiko duela saioak: "Bizi izan dugunetik ikasi nahi badugu, oraintxe da momentua", azpimarratu du Ilintxetak.

Oihana Etxebarrieta: "Alardeko beste konpainia bat gehiago izateko eskaera egin dugu 2022rako"

Gaur 25 urte bete dira Jaizkibel Konpainiako kideak alarde parekidearen alde borrokan hasi zirenetik. Aurten ere desfilerik ez da izan Hondarribian, baina elkarretaratzea egin dute. Bertatik hitz egin du Hamaika Telebistarekin Oihana Etxebarrietak, Jaizkibel konpainiako kapitainak.

Etxebarrietak "elkarrizketarako eta konponbidea bilatzeko espazioa" aldarrikatu du, eta udalari ardura hori bere gain har dezala eskatu dio. Izan ere, salatu duenez, mende laurden honetan eragile politiko eta instituzionalek ez diote gatazkari irtenbiderik eman. Datorren urteari begira eta behin betiko alarde parekidea lortzeko bidean, alardeko 22.konpainia izateko eskatu du kapitainak.

Jokin Aspuru: "Europatik kanpoko artisten argazkiak ekarri ditugu aurten"

Irailaren 2an hasi, eta 26ra arte luzatuko da Getxo Photo argazki jaialdia, 'Elkarbanatu' lelopean. Jokin Aspuru jaialdiko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, eta nabarmendu du "oso pozik" daudela publikoaren erantzunarekin. Aurtengoan, nazioarteko argazkilariez osatutako jaialdia dela nabarmendu du Aspuruk. Erakusketaz gain, tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte.

Lara Izagirre: "'Nora' film europarren artean ikusiena izan da asteburuan EAEko zinemetan"

Heldu da zinema aretoetara Lara Izagirreren 'Nora' filma. Bidasoaren bi aldeetan film bat estreinatzen den lehen aldia da, eta "pozik" dago Izagirre. Filmeko protagonista Nora da, 30 urteko emakumea, eta Euskal Herriko kostaldetik barrena bidaia bat abiatzen du bere aitonaren heriotzaren dolua egiteko. Hala ere, Izagirreren iritziz, ez da hori garrantzitsuena, "bere barnean egiten duen bidaia baizik". Su geldoan landutako filma da, eta zuzendariarentzat "oparia" izan da "zinema egiteko beste erritmoa badagoela ikustea".

Bihartik aurrera Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan ikusi ahal izango da, eta aurreko ostiralean estreinatu zen Hego Euskal Herrikoetan. Izagirreren iritziz, publikoak "oso goxo" hartu du filma, eta nabarmendu du asteburu honetan film europarren artean gehien ikusi den pelikula izan dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iker Badiola: "Sulconazol konposatuak birusa gure barruan sartzea ekidin dezake"

Iker Badiola EHUko medikuntza eta erizaintza fakultateko irakaslea eta ikerlaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Berak zuzendutatuko lantaldeak minbizia ikertzen du eta SARS-Cov-2 birusari aurre egiteko eraginkorra izan daitekeen konposatu bat aurkitu du: Sulconazola.

Badiolak azaldu duenez, COVID-19aren infekzioan agertu den entzima garrantzitsuetako bat minbizian aztertzen ari ziren bat zen: Furina. Hain zuzen, hori bera da sulkonazolak blokeatzen duena, eta ondorioz, birusa ez da pertsonen barruan sartzen, Badiolak azaldutakoaren arabera.

Entsegu klinikoak egiten hastea da orain ikerketa taldearen helburua, baina Badiolak "baliabide eta gaitasun falta" dutela adierazi du. Bide horretan, ikertzaileek Sulkonazolaren erabilera berria patentatu dute "etorkizunean babesa izateko eta entsegu klinikoetan parte hartuko duten bazkide gehiago lortzeko". Era berean, industriarekin harremanetan jarri dira, botika garatu eta merkaturatu ahal izateko.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image