Skip to main content

EH Bilduk aurrekontuak adosteko aukera ikusten du eta Elkarrekin Podemosek hasierako eskaerei eusten die

Gurean Gaur

EH Bildu koalizioak aukerak ikusten ditu Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu eta 2019ko aurrekontuari bide emateko. Elkarrekin Podemosen iritziz, ordea, aurrekontuetan egin daitekeen edozein aldaketa onartzea ez da ezkerreko alderdi batek izan behar lukeen jarrera.

Leire Pinedo legebiltzarkidearen hitzetan, EH Bilduk aurrekontuetarako pentsioez eta enpleguaz egindako proposamenak onartzeko borondate politikoa soilik behar da. Pinedok berretsi du EH Bilduko legebiltzarkide taldea prest dagoela bi abstentziorekin aurrekontuak aurrera ateratzen uzteko, beti ere, pentsiodunek, emakumeek eta gazteek kalean plazaratutako beharrak aurrekontuen bidez aseko direla bermatzen bada.

Eusko Jaurlaritzak 11.784,1 milioi euro gastatzea aurreikusi du 2019. urterako aurrekontu proiektuan. 371 milioi eurora mugatu du Jaurlaritzak datorren urterako gastu hazkundea. Zorpetze gastua eta AHTren diru saila kenduta, beraz, aurten baino %3,6 diru gehiago izango du eskura politika propioak garatzeko. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak zero defizita duen kontu proiektua aurkeztu du, eta ohartarazi du ez dela posible izango gehiago gastatzea, gastu araua urratuko lukeelako.

Hazkunde horren zati handi bat langile eta funtzionamendu gastuetarako erabiliko da, aurten baino 205 milioi gehiago bideratzea jaso du proiektuak. Besteak beste, langile publikoei eskaini zaien soldata igoera sartuko litzateke igoera horretan. Halaber, Inbertsio publiko propioa %7,4 igoko dela nabarmendu du sailburuak. Azpiazuren hitzetan, horiek dira aurrekontuen gakoak: inbertsio publikoak eta izaera soziala.

Aurrekontu esparru horrek definituko ditu kontuak aurrera ateratzeko oposizioarekin egin beharreko negoziazioak. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos proposamen zehatzak lantzen ari dira, eta agiri bana helarazi diote Ogasun Sailari. PPk lehen bilera sorta egin du Azpiazurekin, baina ez du igorri dokumenturik.

Elkarrekin Podemosei dagokionez, bidalitako lehen proposamenak gastu hazkunde oso handia zekarrela gogoratu du Ogasun salburuak. Elkarrekin Podemosen izenean, ordea, Julen Bollainek esan du haien eskaerak bere horretan mantentzen direla.