Skip to main content

ELAk mobilizatzeko deia egin du, “pentsioen murrizketen” aurka eta soldaten eta zerbitzu publikoen defentsan

Ekonomia

ELA sindikatuak salatu du erretiro pentsio berrien erosahalmena %4,5 txikiagotu dela Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan azken 8 urteetan. Izan ere, 2022ko azaroan erretiro pentsio berriak 1.694 eurokoak izan ziren, eta 2014an, 1.610 eurokoak. Sindikatuaren arabera, gainera, erretiroa hartzeko adina ere luzatu egin da. Hala, mobilizatzeko deia egin du ostegun eta ostiralerako.

ELAren arabera, 2013an abian jarritako pentsioen erreforma dago horren guztiaren atzetik. Erreforma hura indarrean jarri zenetik pentsioen erosteko ahalmena txikiagotuz joan dela salatu du sindikatuak. ELAk ohartarazi du prestatzen ari diren erreforma berriaren helburua dela pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteak 25etik 30era pasatzea.