Amaia Aldai Emakume Master Cup leihaketan parte hartuko duen pilotaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, 16 pilotarik Binakako Laboral Kutxa Masterra jokatuko dute martxoaren 6tik aurrera, eta "pozik" daudela esan digu.
Azaldu digu txapelketa irekia antolatzea zela asmoa, baina pandemiaren ondorioz, ez dute beste erremediorik izan. Abenduan ireki zuten txapelketa irekian izena emateko epea; 80 emakumek eman zuten izena pilota goxoarekin aritzeko, eta 28k mistoarekin aritzeko, emakumeek pilotan lehiatzen jarraitu nahi dutenaren seinale.
Amaia Ocerin Loraldia festibaleko komunikazio koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Pandemiaren ondorioz, iaz zati ezberdinetan antolatu behar izan zuten Loraldia festibala, baina aurten, 7. edizioa antolatzea lortu dute. Horrela, martxoaren 9tik 28ra ospatuko da Loraldia jaialdiaren 7. edizioa, Sormenari zor! lelopean, "zailtasun guztien gainetik".
Proposamen anitzak prestatu dituzte, hiru zinema proposamen, eta baita hainbat esperientzia digital ere.
Andoaingo Leitzaran Institutuko ikasleek haur eta nerabe transexualentzat Naizen elkartea existitzen dela ikusi zuten, baina helduaroan trantsizioa egitea erabakitzen duten pertsonak laguntzeko erreferentzia falta sumatzen zuten. Ikasketak amaituta, elkartea sortzeari ekin diote Brayan Altismaberes, Mash Elizalde eta Gilen Larrañagak.
Nerea Martinez 1976ko martxoak 3an Zaramagako elizan hil zuten Pedro Mari Martinezen iloba eta Martxoak 3 elkarteko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, martxoak 3ko sarraskiaren 45.urteurrenean.
45 urte hauetan zehar, justizia lortu ez duten arren, beste ikuspegi batzutan "aurrera" egin dutela adierazi du Martinezek. Bide horren adierazgarri da Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza Biktimen Oroimenezko zentroa sortzeko akordioa. Hala ere, nabarmendu du gune horrek ez duela "erakusketa gune bat" soilik izan behar, baizik eta gaur egungo borrokekin jarraitzeko, eta gaur egungo giza eskubide urraketak salatzeko gune izan behar duela dio.
45 urte betetzen dira gaur Martxoaren 3ko sarraskiaz geroztik. Oraindik ere egia, justizia eta erreparazio eske jarraitzen dute biktimek eta haien gertukoek. Gaur hainbat lore eskaintza, omenaldiak eta manifestazioa egin dira biktimak oroitu eta gertatutakoa salatzeko.
“Bultza Euskaltegiak, Bultza euskara” ekimena abiatu du AEK-k, pandemia dela eta Korrika ospatu ezingo den honetan, euskara kalera atera, instituzioak interpelatu eta elkarteak kolpe ekonomikoari aurre egin diezaion.
Euskal Rock Erradikala mugimendua oso ezaguna izen zen Euskal Herrian. Gizonezkoek protagonismo handia izan zuten, baina emakumezkoak ere baziren: Lou Olangua (OK Korral) eta Aurora Beltran (Belladona eta Tahures Zurdos) eta Mamen Rodrigo (Las Vulpes), besteak beste.
Ostegunetik aurrera, IDK Euskotren Ibaetak eta Lointek Gernikak Kopa txapelketa jokatuko dute. Gipuzkoarrak Valentziaren kontra arituko dira, etxeko taldearen aurka hain zuzen ere. Eta, bizkaitarrek, bestalde, Tenerife izango dute aurkari. Busturialdekoak egoera zailean iristen dira, Covid19 gaitzaren ondorioak modu zuzenean pairatu ostean. Hala ere, bi euskal taldeen ametsa garaipena lortzea da.
Kattalin Miner idazle eta ekintzaile feminista elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Martxoaren 8ko mobilizazioen inguruan sortu den polemikaz galdetu diogu, eta nabarmendu du urte osoan "zientoka" mobilizazio egin direla, eta ez zaiela horrelakorik eskatu. Adierazi du Euskal Herriko mugimendu feministak "tentuz" jokatuko duela, baina kalera irtengo dela beste behin.
Arrazismoaren inguruan lan handia egin dela dio, eta horren barruan, zaintza lanak izan ditu hizpide: "Gaizki ordaindutakoak, muturreko prekarizazioan daudenak, beste emakumeok iristen ez garenak... emakume arrazializatuen gainean erortzen dira", adierazi du. Zaintza lanen atzean, "karga sinboliko" handi bat dagoela dio, "bondadea" ekartzen duena; hala ere, azpimarratu du zaintza ezinbestekoa dela bizitzeko, eta, beraz, herritar guztien lana izan behar duela.
Zaintzaren erromantizazioa ere izan du hizpide, eta nabarmendu du gizartean "pentsatzen" dela zaintza lana "hobea" dela maitasunarekin. Azpimarratu du, ordea, "ondo" zaindu daitekeela enpatiarekin, baldintza onetan... Ez duela zertan "maitasunarekin bustita" joan behar.
Gazteek feminismoarekin eta parekidetasunarekin duten harremanaz galdetu diogu, eta nabarmendu du "injustua" iruditzen zaiola gazteei eskatzen zaiena. Izan ere, azpimarratu du gazteek gizartean ikusten dituzten gauzak egiten dituztela eta, askotan, gazteei eskatzen zaizkiela herritarrek egiteko prest ez dauden gauzak. Zentzu horretan, nabarmendu du hezkuntzan lan "handia" egin behar dela, baina baita hortik kanpo ere.
Trans legea izan du hizpide, eta nabarmendu du legeak eskubide berak aitortzen dizkiela pertsona guztiei. Era berean, nabarmendu du Euskal Herriko mugimendu feministan kontsentsu handia dagoela, eta lege honek trans pertsonei aukera ematen diela beren tramitaziaori eta beren gorputzen autogestioari bide emateko. Zentzu horretan, salatu du "sekulako transfobia" dagoela trans pertsonei oinarrizko eskubideak emango dizkien legea deuseztatzea eskatzearen atzean.
Alardeari buruz Aurre egin badugu dokumentalean parte hartu du Minerrek, eta eskertuta dagoela adierazi du. Alardea "indarkeriaren manifestazio esplizitu eta biolentoa" dela dio, baina aldi berean, "erresistentzia keinu oso indartsua".
Iaz kaleratu zuen Turista klasea liburuaz galdetuta, adierazi du arraza, klasea, generoa.. eta beste hainbat gai landu dituela euskal preso bat bisitatzeko egindako bidaia hizpide hartuta. "Pretentsio handirik" gabe idazten hasi zela dio, baina "pozik" eta "lasai" dagoela emaitzarekin.