Skip to main content

Gurean Gaur

Euskararen eboluzioari buruzko ikerketa bat kaleratu du Juan Miguel Munarrizek

2019-03-14
Euskararen jatorriarena mila ikerketa, teoria eta hipotesi eragin dituen gaia da. Asko izan dira horretarako erabili izan diren teknika edo moduak. Euskarazko esaldiak erabili ditu horretarako Juan Miguel Munarriz elizondotarrak, eta Euskararen Genesia izeneko liburuan bildu du ikerketa horren emaitza. Egun erabiltzen diren esaldiak kontutan hartuta, modernoak eta zaharrak bereizi ditu Munarrizek, hizkuntzaren geruzarik zaharrenera iritsi eta orduko euskara nolakoa zen ikusten saiatzeko.
Mojo workin´jaialdiak rhythm and blues eta soul musikaz beteko du Donostia 10.urtez

2019-03-14
Hamargarren Mojo Workin´jaialdia izango da martxoaren 14tik 17ra. Estatu Batuetako 60.hamarmakadako soul eta blues erritmoak ekarriko dituzte Donostiara. Talde garaikideak eta disko jartzaileek ere egitarauan izango dira. Martxoaren 15ean Akatz, Winfield Parker & The Cookies taldeak zuzenean ariko dira Egiako Gazteszena aretoan. Martxoaren 16an, berriz, Big Bob Railroad, Thelma Jones & The Dixie Cups izango dira Gazteszenako agertokian eta amaiera 17an Tabakaleran izango da.
Aske utzi dute gaur Basaurin atzo atxilotutako pederasta

2019-03-14
Denuntzia jaso zuen atzo Ertzaintzak eta atxilotu egin zuen Basauriko 60 urteko futboleko entrenatzaile ohia. Gaua komisaldegian pasa du atxilotuak eta gaur aske utzi dute, karguekin. Aurreko sei denuntzien bide beretik etorri da salaketa hau ere, baina kasu honetan, abusuek ez dute preskribatu. Pepe Godoy basauriarrak lehen salaketa publiko egin zuenetik, guztira zazpi izan dira gizon beraren aurka herrian jarritako denuntziak. ‘Ez naiz isilduko’ herri plataformak eta bestelako elkarteek hainbat ekintza egin dituzte azkenaldian balizko biktimei babesa adierazi eta hauek salaketa jartzera animatzeko. Hauen artean Urtarrilean Basaurin egindako manifestazioa, bertan, 5.000 lagun inguru elkartu ziren sexu abusuak salatzeko. Hauek helburuetako bat lortu dute: preskribatu gabeko salaketa bat agertzea, prozesu judizialak bere bidea egin dezan. Pepe Godoyk salaketa jarri ostean Baskonia Futbol Eskolak ustezko erasotzailea entrenadore postutik kendu zuen. 40 urte baino gehiago zeramatzan gizonak umeak entrenatzen. Garaitza Elkartetik adierazi dutenez, 17.200 umek jasan dituzte edo jasango dituzte sexu abusuak haurtzaroan: 4 nesketatik batek eta 7 mutiletatik batek.
Udaberrian ospatuko da Iruñea Loretan - Pamplona es Flor jaialdia

2019-03-14
Iruñeko Udalak Iruñea Loretan – Pamplona es Flor jaialdia antolatu du hastear den udaberrian, hiriko natura-guneak ezagutarazteko. Euskal Herriko hiriburuko bioaniztasun oparoa ikusarazi eta nabarmentzeko asmoa duen jaialdia, bisita gidatuz, kontzertuz, erakusketaz eta hainbat ekimenez osatzen da. Martxoaren 22tik maiatzaren 12ra bitarte burutuko da egitaraua, eta aurretik burutzen ziren ekimenak programa bateratuan integratuko dira, ekintza berriekin, elkarrekiko osagarriak diren jarduerak antolatuz.
“Inoiz ez erreala / Beti egiazkoa” erakusketa jarri du martxan Azkuna Zentroak

2019-03-14
Antonin Artauderen esaldiak bi diziplinen arteko sinbiosia irudikatzen du. Esaldi horrek lotzen ditu, hain zuzen ere, erakusketan parte hartzen duten hamahiru artistak, artean edo literaturan sortu baitituzte barrutik bi diziplinak nahasirik naturaltasunez tratatzen dituzten lanak. Kritikatu egiten dute mugatutako bi alor gisa ikustea. Marrazki, bideo, instalazio edo argazkiek osatzen dute erakusketa, artista internazionalei tokia emanez. Ivan de la Nuez komisarioaren 25 urteko ikerketaren ondorioa da eta azaldu du egunerokotasunaren ikuspuntutik kultura garaikidea gozatzeko aukera dela. Artistak ere izan dira aurkezpenean protagonista, euskaldunak tartean. Iraileraino egongo da bisitatzeko aukera.
Angel Berrueta hil zutela 15 urte bete direnean omendu dute Donibane auzoan

2019-03-13
Angel Berrueta polizia batek eta haren semeak erail zutela 15 urte egin zituen atzo. Donibane auzoko bizilagunek omenaldia eskaini zioten okinari. Atzokoan ere Kontxi Santxiz hernaniarraren memoria gogoratu zen. Santxiz, Berruetaren omenez Hernanin egin zen manifestazio batean poliziak eragindako kargetan hil zen martxoaren 14ean.
 
bannerra

bannerra