Skip to main content

Gurean Gaur

Realeko neskak Kopako finalerako sailkatu dira lehen aldiz

2019-02-18
Sevillari 3-1 irabazita, kopako finalerako txartela eskuratu dute txuri-urdinek igandean Anoetan. 18.731 zaleek lagunduta nagusi izan ziren gipuzkoarrak partidu osoan zehar. Finalean, Atletico Madril izango dute aurrean, Ligako talderik indartsuena, baina metatuako indar eta ilusioa baliatzen saiatuko dira Arkonadaren neskak kopa Donostiara ekartzeko. Norgehiagoka Granadan izango da, Los Carmenes zelaian, maiatzaren 11an.
Bigarren Nazioarteko Dialektologia Biltzarra aurkeztu du gaur Euskaltzaindiak

2019-02-18
Euskaltzaindiaren mendeurreneko bosgarren jardunaldi akademikoaren leloa Aniztasuna: hizkeren berba-mintzoak izango da. Helburuak hiru dira: nazioartean dauden ikerketen berri ematea, etorkizunean dialektologiak izan behar dituen iker-ildoetaz hausnartzea eta hizkuntza-atlasen etorkizuneko erabilgarritasunaz hausnartzea. Dialektologia biltzarrari bide emateko, Euskara Ibiltaria erakusketa berritua eta interaktiboa aurkeztuko dute martxoaren 13an. Guztira 17 hizlari egongo dira, Xarles Videgain, esaterako. Jardunaldi akademikoa martxoaren 14an eta 15ean izango da, Bilboko Euskal Museoan.
Nafarroako Gobernuak 300 ikur frankista baino gehiago kendu arazi ditu 2016az geroztik

2019-02-18
Nafarroako Gobernuak 2016az geroztik 300 ikur eta aipamen frankistatik gora kendu egin direla jakinarazi du. Urte horretan osatuz joan zen erroldak 224 ikur eta 78 ohorezko aipamen biltzen zituen eta ordutik 160 gehiago antzeman izan dira.
Bizkaiko pentsiodunak hauteskundeei begira jarri dira

2019-02-18
Bizkaiko pentsiodunak hurrengo hilabeteetan deituta dauden hauteskunde sortari begira jarri da. Edozein alderdik irabazita ere, kalean jarraituko dutela ziurtatu dute, baina horren aurretik ere lanean segitzeko beharra azpimarratu dute. Horregatik Hego Euskal Herriko pentsiodunen delegaritza batek Madrilera bidaiatuko du datorren astean talde parlamentarioekin biltzeko hauteskundeen aurretik eta gauza bera egingo dutela iragarri dute Gasteizko parlamentuko indar politikoekin. Bestalde, martxoaren 8ko greba feministarekin bat egiten dutela adierazi dute gaurko elkarretaratzean, pentsiodunak emakumeekin daudela nabarmenduz.
Errotxapeako gaztetxeak poliziaren jazarpena salatu du

2019-02-18
Errotxapeako gaztetxeak Iruñeko udalak ekimenak aurrera atera ahal izateko jartzen ari dizkion trabak salatu ditu. Azkeneko gertakaria asteburu honetan gauzatu da. Hirigintza sailak ekintza publikoak antolatzeko debekua ezarri zuenetik hainbat identifikazio eta mehatxu jasan dituztela salatu dute asanbladako kideek.
Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan hitzarmen duina lortzeko borrokan jarraitzen dute sindikatuek

2019-02-18
Menpekotasun egoeran gero eta jende gehiago dagoela adierazi dute eta zerbitzua ezinbestekoa dela. Sorospen arloari dagokionez, handitzen doan kolektiboa dela adierazi dute eta babes maila gutxitzen ari dela. 5 urte daramatzate soldatak izoztuta eta lan eskubideen galerarekin eta urtebete baino gehiago greba eta mobilizazioekin. Negoziazio mahaietan malgutasuna gelditzea eskatzen dute eta laneko bajak onartzea eta baita istripuen %100a lan istripu bezala aitortzea ere. ELA, LAB, UGT ETA USO sindikatuek greba egun gehiago deitu dituzte prentsaurrekoan
 
bannerra

bannerra