Skip to main content

Politika

Bilboko udalak lau eguneko dolua iragarri du

2014-03-21

Bilboko Udalaren osoko bilkurak lau eguneko dolua iragarri du eta bitarte horretarako antolatuta zeuden ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira. Hala jakinarazi du 12:00etan egindako ezohiko osoko bilkuran. Ez da hil kaperarik izango eta hileta elizkizuna pribatua izango da, familiak hala eskatuta. Dena den, Bilboko Udalak bertaratzeko deia egin die herritarrei. Osoko bilkuraren ostean, lore eskaintza egin diote Azkunari udaletxe atarian, eta loreak eskaini nahi dituen ororentzat egunotan aukera irekia egongo dela jakinarazi dute.

Desmond Tutuk ETAren pausoa ausarta dela esan eta Otegi aske uzteko eskatu du

2014-03-20

Desmond Tutuk, hegoafrikar apezpiku eta Bakearen Nobel saridunak, ETAk desarmatzearen bidean emandako pausoa ausarta dela eta bakerako aukera paregabea irekitzen duela esan du. Horretarako, ordea, bi aldeen konpromisoa beharrezkoa dela azaldu du. Hori horrela, giza eskubideak bermatuz, presoak etxeratzeko eta Arnaldo Otegi aske uzteko eskatu du.

Udalbiltzak euskal herritartasuna bultzatzeko ekimenak aurkeztu ditu

2014-03-19

Udalbiltzak Euskal Herriaren eta euskal herritartasunaren aitortza bultzatzeko ebazpena aurkeztu du. 200 alkate eta zinegotzik ekarpenak egin ostean onartu zuten agiria pasa den ostiralean. Bizi dugun unea euskal herritartasunean sakontzeko egokia dela azaldu dute eta hori dela eta hainbat ekimen zehaztu dituzte. Batetik, euskal sinboloen erabilera handituko dute. Bestetik, udaletako webguneetan .eus erabilera bultzatuko dute eta azkenik, euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortuko dute.

Iheslari ohiek konponbide prozesuarekiko konpromiso osoa adierazi dute

2014-03-17

50 iheslari ohi inguru elkartu ziren atzo Altsasuan, Iortia kultur etxean egindako agerraldian. Euskara hutsean irakurritako agirian, konponbide prozesuarekin konpromiso osoa erakutsi zuten, eta iheslariek etxera itzultzeko hartutako bidean laguntzera datozela adierazi. Ihesaren soka betiko eteteko laguntza eskaini zuten.

Konponbidearen aldeko manifestua aurkeztu dute hainbat herritarrek

2014-03-15

Arlo ezberdinetako zenbait herritarrek, giza eskubideen defentsa beharrezkoa dela aldarrikatu dute, Donostiako San Telmo museoan egindako ekitaldi batean. “Konponbidea, Euskal Presoak Euskal Herrira” izeneko manifestua, Eneko Olasagasti zinegileak, Joseba Azkarraga politikariak eta Teresa Toda kazetariak irakurri dute, hiru hizkuntzetan. Ekitaldian izan dira bestalde, manifestuaren beste sinatzaile batzuk. Hala nola, Maialen Lujanbio, Jabier Madrazo, Jule Goikoetxea eta Ramon Zallo.

Cabacas auzian inputazio gehiago iragarri ditu Goirizelaiak

2014-03-14

Bi urte beteko dira laster Iñigo Cabacas Athletic zalea hil zuela Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek. Hori dela eta ekitaldi sorta antolatu du "Iñigo Gogoan" herri ekimenak. Besteak beste, errepresioari zein polizia ereduari buruzko mahai inguruak egingo dituzte eta Cabacasen lagunek bi urteotan bizitakoa kontatuko dute. Apirilaren 5ean, eguerdian, ekitaldia egingo dute senide eta lagunek. Arratsaldean manifestazioa izango da, Fermin Muguruzak, Jare musika taldeak eta bertsolariek lagunduta.

 
bannerra

bannerra