Skip to main content

Albisteak

Osakidetzak hurrengo 7 urteetarako ibilbide orria aurkeztu du

2014-01-17

Eusko Jaurlaritzak 2013-2020 Osasun Plana aurkeztu du, Osakidetzak hurrengo zazpi urteetan jarraituko duen 'ibilbide orria'. Jon Darpon Osasun sailburuak aurreratu duenez, planaren helburu nagusiak edadetuen arreta eta minbiziaren prebentzioa izango dira. Bestalde, Darponek nabarmendu du Eusko Jaurlaritza ordainketa partekatuaren kontra dagoela. Bere esanetan, Osakidetzak «aldaketak behar ditu», baina farmaziako produktuak modu partekatuan ordaintzeak «ez du ez lagunduko, ez sistema konponduko».

Haurrek danborrak berotu dituzte egun handirako

2014-01-17

Donostia eguna iristear, haur danborradako konpainia guztiek bat egin dute Victoria Eugenia antzokian. Hainbat abesti jo eta kantatzearekin batera, pailazoez, bertsolariez, musikaz eta gehiago gozatu dute. Irrika azaldu dute guztiek zita garrantzitsurako.

Mila eta berrehun enpresa galdu dira 2013an EAEn

2014-01-17

Azken hiru hilabeteetako joera itxaropentsua bertan behera geratu da. Confebasken datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gizpuzkoan 291 enpresa desagertu ziren 2013ko azken hilabetean, 2008tik izandako abendurik txarrena izan zelarik. Datuon arabera, enpresentzat baino hobea izan da abendua autonomoentzat, hauentzat ere urtea txarra izan bada ere. Bestalde, Eustatek iaz baino landun eta langabe gehiago zenbatu ditu. Biztanleria aktiboa 64 mila lagunean handitu izanak azaltzen du hori.

LABek gogor kritikatu du Jaurlaritza Adegiren jardunaldietara joan izanagatik

2014-01-17

LAB sindikatuko ordezkariek protesta egin dute gaur goizean Adegiren egoitzan, patronalak antolatutako jardunaldiak salatzeko. Lan harremanen modelo berrien inguruko ekitaldia egin dute gaur Adegiren eskutik Miramonen, eta bertan izan da Arantza Tapia ekonomia, garapen eta lehiakortasuneko sailburua. LABek salatu egin du Eusko Jaurlaritzak ekimen horretan parte hartu izana.

ESAITek inplikazio instituzionala eskatu du Euskal Selekzioak 2020ko Eurokopan joka dezan

2014-01-16

ESAITek inplikazio instituzionala eskatu du Euskal Selekzioak 2020ko Eurokopan joka dezan. 2020ko Eurokopa San Mamesen ere jokatzearen aldekoa da ESAIT beti ere Euskal Selekzioak modu ofizialean jokatzen baldin badu. Horretarako borondate politikoa eskatu dute.

Kilometroak 2014ren baitako egitasmo berria aurkeztu dute: Gure Zozketa

2014-01-16

Kilometroak 2014 jaiaren baitan, Gure Zozketa egitasmo berria aurkeztu dute gaur Ikastolen Elkartean. Jendearen ekarpenen bitartez ikastolek sostengu ekonomiko sendo bat lortzea da ekimenaren helburua. 2014 urteko 100 mila  poltsikoko egutegi atera dituzte 5 euroren truke, eta 60 mila euroko sari bakarra zozketatuko da horietako bat eskuratzen duten guztien artean.

 
bannerra

bannerra