Skip to main content

Albisteak

Bilboko kaleek Shopping Egunarekin emango diote hasiera udaberriari

2014-03-18

Bilbo erdiguneko eta Zazpi Kaleetako 350 ostalaritza establezimendu eta saltokik baino gehiagok hartuko dute parte datorren larunbatean egingo den Shopping Egunaren 3. edizioan. Moda desfileak, auto klasikoen erakusketa, musika ikuskizunak, antzezlanak eta tailerrak izango dira protagonista. Ekimen honen bidez, kaleko merkataritza bultzatu nahi du Bilboko udalak eta Merkatarien elkarteak.

"Ura, ibaiak eta herriak" erakusketak ura bermatua ez dutenen testigantzak bildu ditu

2014-03-18

Gaur hasi eta maiatzaren 31 arte izango da ikusgai "Ura, ibaiak eta herriak" erakusketa Donostiako San Telmo museoan. Uraren Krisialdi Globalean, ura bermatua ez duten biktimak dira erakusketa honetako protagonista. Pedro Arrojo zuzendariak azaldu duenez, hauek guztiak holokausto hidrologiko baten biktima dira. Hauei guztiei hitza eman nahi izan die testuak, argazkiak eta ikus-entzunezko bat tartekatuz. Testigantzen artean, Donostian Urumea ibaiak kaltetutako bizilagunak ere ageri dira.

Txinzerrek datu faltsuak aurkeztu dituela salatu du Jaizkibel Mendiaren aldeko plataformak

2014-03-18

Jaizkibel Mendia Babestu Dezagun plataformak Txingudiko Zerbitzuak erakundearen kudeaketa eta gardentasun eza salatu ditu. Jaizkibel Elordi proiektuan informazio sakona eman ez dutela ere leporatu diete. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, dokumentuak faltsutu dituztela dio plataformak. Horregatik, haien kontra aurkezturiko salaketari kasu egin dio Espainiako Ingurumen Ministerioak.

Martxoaren 29an ospatuko da BreakOnStage jaialdiaren 14. edizioa

2014-03-17

BreakOnStage kultura urbanoaren jaialdia ospatuko da martxoaren 29an Bilbao Arenan. Adierazpen artistiko ugari bilduko dituen jaialdi honetan, besteak beste, The Ruggeds, Inesteam, Rst Crew, Poe One, Vocaliks eta Rayden hip hop taldeak arituko dira. Bi orduz iraupen laburreko 20 ikuskizun taularatuko dira.

Gipuzkoako Kultur Ondare higigarrien zentroak herritarrei ateak irekiko dizkie

2014-03-17

Irungo Gordailuak, Gipuzkoako Kultur Ondare higigarrien zentroak, 36.000 pieza baino gehiago jasotzen ditu. Gipuzkoako ondarearen ibilbide sozial, historiko eta kulturalaren bilketa zentroa da. Aurten, hori guzti hori herritarren esku jarri nahi dute eta horretarako ibilbide interaktiboak eta hitzaldiak antolatu dituzte.

Donostiarrak bosgarren edukiontzia erabiltzen hasiko dira

2014-03-17

Groseko bizilagunak edukiontzi organikoa erabiltzen hasiko dira gaur eta dagoeneko txartelak dauzkate etxean. Sistema berria Gros eta Amara auzoetan probatu eta egokitu ostean, hiriko beste auzo guztietan ezarriko dute. Prozesua lau fasetan egingo dute, eta guztira, 450 edukiontzi jarriko dituzte. Gainera, honen erabiltzaileek zabor tasetan deskontuak jasoko dituzte.

 
bannerra